NOAUA! aldizkaririk argitaratzen ez dugun hilabete bakarra, abuztua, jai giroan hasi eta amaitu genuen, Urdaiagako Xanistebanen eta Atxegaldeko festen eskutik. Denetariko ekintzetan parte hartzeko aukera izan zen festa egunotan; jolasak, txapelketak, auzo afariak, kontzertuak... eta ekimen gehiago antolatu zituzten. Hamarkada luzeetako tradizioa berritu zuten, bestalde, Baba Txiki Beltzaren Kofradiak, Saizarren egindako bazkariaren bueltan.
Kirol hitzorduei dagokienean, Nahia Zudairek bi domina eskuratu zituen Manchesterren jokoan izan zen munduko igeriketa txapelketan. Bi aginagar lehiatu ziren, bestalde, iraileko lehenengo bi igandeetan jokoan izan zen Kontxako Banderaren sailkapen proban; Josu Ostolaza Orioko ontzian eta Iñaki Errasti Ondarroakoan. Biak ala biak sailkatu ziren estropada horietarako. Hilabete barru egingo zuten 14. Baxurde Kroserako izen-ematea ere zabaldu zuen Baxurde Txiki Usurbilgo Triatloi Taldeak.
Azkenik, Euskal Herriko Neska* Gazteek urriaren 12tik 14ra Usurbilen egitekoa zuten Baterajotzerako bideoklipa aurkeztu zuten.