Gabonak 2023

Falta direnak eta antolatzaileak hartu dituzte gogoan Mari Domingik eta Olentzerok

Noaua Aldizkaria 2023ko abe. 24a, 20:55

Sutondoan batu dira Kalezarretik Kaxkora egin duten kalejiraren amaieran Mari Domingi eta Olentzero, haien bidea argitzen aritu diren galtzagorri gaztetxoak, baita herritar mordoa ere. Etxaniz anaiek txalapartaz girotu duten ekitaldian, lanez gainezka datorkien gau honen aurretik, hitza hartu dute eguneko bi protagonistek; Mari Domingik eta Olentzerok. Datorren gau berezi honetan, "berezitxona" Olentzerorentzat, "familiak bildu eta ea afari on baten inguruan urteko gorabeherak zuzenduarazten ditugun gehiegi egin gabe, poliki-poliki", eskatu du ikazkinak.

Falta direnak gogoan hartu nahi izan dituzte, herritik urrun daudenak, baina argi nabarmendu nahi izan duten moduan, gaurkoa "umeen eguna da". Mari Domingik ondo portatu ote diren galdetu diete plazan bildutako gaztetxoei; baiezko orokorra jaso dute belaunaldi gazteenarengandik.

Eskertza
Egin dieten harrera beroa ahalbidetu duten antolatzaileak gogotik eskertu nahi izan dituzte Mari Domingik eta Olentzerok. "Eskerrik asko denoi, bereziki hau zuzentzen aritu direnei. Hau guztia martxan jartzen aritu direnak zenbat lan egin duten herriak ez daki, lanean aritu direnak bakarrik dakite. Eskerrik asko eta txalo bero bat haiei", eskatu diete plazan bildutakoei gaurko ekimena prestatzen aritu direnentzat.

Izan ere, belaunaldi ezberdinetako herrikideak aritu dira eskuz esku, bakoitza beretik Mari Domingiren eta Olentzeroren ongi etorria prestatzen; besteak beste, LH 2. mailakoak galtzagorrietan, DBHko ikasleak antortxekin, Usurbilgo joaldunak ere hortxe ziren, baita Zumarteko trikiti eta panderojole taldea ere, adarjoleak ere bai, guraso talde zabala dena bideratzen...

Beste behin, auzolan erraldoi baten emaitza izan da gaur Mari Domingiri eta Olentzerori egin zaien harrera ekitaldia.