Bidea ondo ikasia dute bai. Edozein zalantzen aurrean bidelagun mordoak argitu diete norantz joan behar zuten. Heldu dira, duten onena emateko prest Mari Domingi eta Olentzero. Kalezar aldera jaitsi dira lehenik, trikitilari eta antortxeroek lagunduta. Egurtzegi parean zituzten zain galtzagorri gaztetxoak eta beste hainbat herrikide. Haiekin guztiekin egin dute Kaxkora jaisteko kalejira.
Herri erdigunean barneratu ahala, geroz eta bidelagun gehiago batu zaizkie kalejirara. Bidean zehar, denak gozo asko agurtzen aritu dira Mari Domingi eta Olentzero. Eskuzabal hartu ditu herriak zalantza izpirik gabe.