Gabonak 2023

Hurbilago San Silbestre herri lasterketan izen-emateko azken egunak

Noaua Aldizkaria 2023ko abe. 27a, 09:52

Urtea herri merkataritzaren eta ostalaritzaren alde lasterka agurtzeko Hurbilago elkarteak antolaturiko San Silbestre Herri Lasterketan izen-emateko azken egunak dituzue honako hauek.

Herriko ostalarien eta merkatarien elkarteak antolaturiko ekimenerako izen-emateko epea zabalik dute gertuago.eus atarian. Inskripzioak bideratzeko bertan eseki duten formularioa osatu beharko duzue. Abenduaren 29ko 14:00ak arteko tartea izango da online izen-emateko. Bestela, lasterketa egunean bertan korrika abiatu aurretik ere frontoian izena emateko aukera eskainiko du antolakuntzak.

Adi, apuntatukoen artean, "lasterketaren amaieran, parte hartzaile guztien artean sariak zozketatuko dira Hurbilagoren eskutik. Mozorrorik onenak sari berezia izango du!", iragarri du Hurbilagok.

Herri merkataritzaren eta ostalaritzaren alde lasterka eginez urtea festa giro alai eta aldarrikatzailean agurtzeko gonbita egin digu aurtengoan ere aipatu herri bilguneak. Sektoreotako saltoki gehienak biltzen dituen Usurbilgo Kaxkoko eremuari bi itzuli emanez, herriko ostatalarien eta merkatarien bilgunearen izena daraman San Silbestre Herri Lasterketa antolatu dute abenduaren 31rako. Arratsaldeko 17:00etan abiatuko da frontoitik. Aipatu moduan, bi itzuli emango zaizkio herriko merkatalguneari. 

Otarren zozketa
Gogoan izan, bestalde, Usurbilgo Udalak, Kulturguneak, Hurbilagok eta 650 Usurbil Bizi egitasmoak sustaturiko 650 Usurbil Bizi otarrak eskura ditzakezuela, Hurbilagoren kide diren saltokietan erosketak eginda. Erosketon truke abenduaren 30ean egingo den zozketan parte hartu ahalko duzue. Hilaren 31n banatuko dituzte otarrak frontoian egingo duten ekitaldi batean. Saskiotan herri ekoizpena aurkituko duzue; lehen sektoreko nahiz sormeneko produktuez horniturikoak izango dira.


Hurbilago gabonetan
Abenduaren 29ko...
14:00ak arte
Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketan izen-emateko aukera, gertuago.eus atarian.

Abenduaren 30era arte

650 Usurbil Bizi otarren zozketan parte hartzeko txartelak saltokietan egindako erosketetan eskuratu ahalko dira: Aizpurua okindegia, Alkartasuna baserritarren kooperatiba, Ane ile-apaindegia, Arruti harategia, Artzabal baserri-jatetxea, Enar estetika, Esnaola janari-denda, Intza ile-apaindegia, Iratze natur-denda, Laukote okindegia, Laurok liburu-denda, Lizardi liburu-denda, Lurda mertzeria, Ni ile-apaindegia, Opil-Goxo, Otar-Goxo eta Usurbilgo Optika.

Abenduak 30, larunbata
650 Usurbil Bizi otarren zozketa.

Abenduak 31, igandea
13:00 650 Usurbil Bizi otarren banaketa ekitaldia frontoian.
16:00-16:30 Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketan izen-emateko aukera frontoian.
17:00 Hurbilago San Silbeste Herri Lasterketa frontoitik.
Lasterketa amaieran, sarien zozketa parte hartzaileen artean. Sari berezia, mozorrorik onenarentzat.

Antolatzailea: Hurbilago Usurbilgo ostalarien eta merkatarien elkartea.