Txiskeroak kale giroa piztera dator?
Iaz, lokalaren gaiarekin udaletxean zain ginela, izen bat bilatzen hasi eta pentsatu genuen hiztegia hartu eta ikusi genuen lehen hitza hartzea; metxeroa atera zen, eta hortik hautatu genuen txiskeroak.
Huraxe izan zen taldearen abiapuntua?
Afari batean bururatu zitzaigun taldea osatzea. Gure aurreneko entsegu saioak garaje batean izan ziren.
Musikalki non koka dezakezue zuen taldea?
Rock, metal estiloa jorratzen dugu. Iaz, Bertsio Gauerako prestatzen hasi ginen. Gure kantak egiten ari gara orain. Abenduaren 26an gure aurreneko abestia joko dugu estreinakoz, pozgarria izango da guretzat. Gogo handia jarri dugu sorkuntza lanetan. Bospasei bertsio joko ditugu, azkenekoa izango da gure kanta.
Bertsio Gauak harrera ederra izaten du jaietan?
Oso polita izan zen aurtengoa. Euri zaparrada egin arren, jendez betea egon zen. Oso giro polita zegoen, jendea gogotsu eta gu ere bai. Usurbilen talde berriek ezagutzera emateko duten ekitaldi handiena da Bertsio Gaua.
Zer modutan eragin dio taldeari Haranen lokala izateak?
Beti da lagungarria, akustika aldetik garajearekin alderatuta bada aldea. Gainera, Haranen beste taldeek egin diguten harrera osoa ona da, entseguetarako baliabideak partekatzen ditugu. Halere, toki bat izatea baino askoz garrantzitsuagoa da denok elkartzeko ordutegi finkoa izatea.
Zer mugimendu duzue Haranen?
Hamabi bat talde edo ariko gara entseatzen. Taldeak asko ari dira ugaritzen, askok hona etorri nahi dute entseatzera, guk nahi genuen moduan. Usurbil arnasgune bat da, kultura musikal handia dago. Jendea zerbait ezberdina egiteko gogoz dago.
Zer ekarpen egiten dizue musika taldeko kide izateak?
Egonezin artistikoak ditugu, gure kasuan musikalak. Musika talde batek horiei bide ematea ahalbidetzen digu.
Abesti gehiago sortuak dituzue?
Bakarra sortu dugu, baina ideia piloa ditugu. Horiek bilduta kantak sortzen joatea da asmoa. Datorren kontzertua tarteko, kanten sorkuntza eten dugu. Gero helduko diogu berriz lan horri.
Zer adierazi nahi duzue musikaren bidez?
Gehienbat gizarteari buruz hitz egiten dugu, kritika sozial asko egiten dugu. Baladaren bat edo beste sortzea ere pentsatzen ari gara.
Hilaren 26an zer da ikusi eta entzungo duguna?
Estilo ezberdineko bertsio ezagunak joko ditugu. Animatu! Gazte topaketan jotzeko aukera eskaintzea motibagarria izan da, ez genuen espero.
Zer norabidetan segi nahi duzue?
Sortzen eta ideia berriak pentsatzen segi nahi dugu. Tartean, kontzerturik edo proiekturen bat suertatzen bada, horri heltzea. Gogorik ez galtzea. Helburua argi izatea, eta horretarako lan eta lan egitea, presarik gabe.