Hartu eta eman, eman eta jaso, joan-etorriko etenik gabeko hartuemana, parez parekoa, afektiboa eraikitzea sustatu nahi dute herrikideen artean nahiz herriarekiko, denon Usurbil eraikitzeko bidean. Izan ere, "harremanetan guztiok hartu eta ematen dugu", oroitarazi digute "Hareman" izeneko egitasmoaren sustatzaileek. Usurbil harrera herri bilakatzeko egiten ari den bidearen baitan ekarpen eraginkorra egitera datoz, 2024. urte hasieratik abiarazi nahi duten gizarte mentoria programa honekin. Bertan jaio eta bizi edota duela denbora dezentetik herri honetan sustraituak dauden herrikideak eta gure artera bizitzera etorri berriak edota denbora bat Usurbilen daramatenak baina herriarekiko atxikimendua izatera heldu ezin izan direnak, elkar ezagutu eta elkarren artean harremantzera dator Usurbilgo Udaletik sustatu eta Zabalduz gizarte ekimeneko kooperatibak dinamizatuko duen egitasmoa, azken finean, "Usurbil denon herria izan dadin", Loira Manzani kooperatibako kideak hedabide honi azaldu dionez.
Aipatu moduan, Usurbil harrera herri izateko abian diren beste egitasmoen osagarria da "Hareman", gure artera datozenen benetako inklusio prozesuan eragin nahi duena. Izan ere, sarritan Usurbilen bizi direnak eta Usurbila haien bizi proiektua garatzera datozenak, "elkarrekin bizi gara bai, baina ez dago eguneroko benetako harremanik". Edota behar duenari laguntza eskaintzera mugatzen da hartuemana eta "hori ez da inklusioa", Manzanik gogorarazi digunez. Inklusioak beste urrats bat ematea derrigortzen du Usurbila datorrenarentzat; "bertako herrikideek datorrena ezagutu nahi dutela sentiaraztea, haien bizitzako eta herriko parte izatea nahi dutela adieraztea". Zubi lan hau egitera dator "Hareman". Usurbilen bada dagoeneko harrera zerbitzua, gida gure artera datorrenarentzat, "baina zer egin dezake herriak harrera herri izateko? Osagai komunitario hau falta zuen" eta horretara, hutsune hau betetzera dator mentoria programa hau.
Urte erdiko programa, abiapuntu
Egitasmo honetan parte hartu nahi dutenek sei hilabeteko tartea izango dute elkar ezagutu eta harremana eraikitzen joateko. Astero egun batean, harreman horren bi aldeetan daudenek partekatu ditzaketen zaletasunetarako denbora hartuko dute. Horregatik, interes beretsuak dituzten pertsonen arteko hartuemanak eraikitzeaz arduratuko da Zabalduz, hasierako zubi lana egiteaz alegia.
Urte erdi horretan zehar, bidelagun izango dute Zabaldu kooperatibak eskainiko dien aholkularitza teknikoa, hartuemanaren jarraipena egin, ebaluatu eta sor daitezkeen zailtasunak bideratzen saiatzeko. "Harremanaren mugak zeintzuk diren ondo ez ulertzea gerta daiteke. Edota batak besteari idatzi eta erantzunik ez izatea", bi adibide baino ez dira Loirak aipatu dizkigunak. Zailtasun hauei erantzuteko laguntza eskainiko dute.
"Benetako herrikide sentiarazteko"
Mentoria honen programaren onurak askotarikoak dira, baina batez ere Manzanik nabarmendu digunez, "Hareman" honen partaide guztiak aberasten ditu; Usurbilera bizitzera etorritakoa, nahiz bertan bizi dena. Sarritan dauden hormak apurtzea ere, herrikide guztien arteko benetako elkarbizitza gauzatzen laguntzen du. Izan ere, Zabalduz kooperatibako kide Loira Manzanik hedabide honi nabarmendu dion moduan, "denok irabazten dugu benetako elkarbizitza sustatuta". Ildo horretan, ekimen honek "estereotipo eta aurreiritzi asko hausten laguntzen du". Usurbilen bizi denaren tokian jarrita, "zure ikuspegia zabalduko duzu, beste errealitate batzuk ezagutzeko aukera izango duzu. Baita sozialki inplikatzekoa ere. Izan ere, askotan hala egin nahi izaten dugu baina ez dugu jakiten nola egin". Horrekin batera, gainera, "benetan zureak diren hizkuntza, ohiturak, tradizioak... datozenekin parteka ditzakezu".
Herrira iritsi berria izan edo bertan bizi arren, Usurbilgo bizitzan murgiltzerik izan ez duenaren kasuan, bidelagun duen "erreferentziazko pertsona horren sare soziala" bereganatu dezake. Loiraren esanetan, "zuk sei hilabete horietan ikusi ahal duzu, harreman horretan funtzionatu baduzu herriko beste pertsonekin ere harremandu zaitezkeela". Hartuemanean ahalduntzea sustatzen du mentoria programa honek, azken finean, "benetako herrikide sentiarazteko". Bestela esanda, "zaurgarritasun egoeran zena mota horretako harreman gehiago naturalki eraikitzeko ahaldunduago sentitzeko".
Horretarako ordea, gakoa da sei hilabeteotan eraikitzen joandako hartuemana. Ahalduntze hori "elkarrekiko aitortza dagoenean gertatzen da" Manzanik gogorarazi duenez. "Pertsona bat zurekin dagoenean, zurekin egon nahi duelako, zu ere ahalduntzen zara". Mentoria programa horrek inklusiorako, konfiantzazko eta afektuzko harremantze gune hori eskaini nahi du. Oinarrian, ordea, elkar ezagutu eta elkarrekin egon nahi duten bolondresen arteko hartuemana egongo da. Horizontaltasuna harremanean, parez pareko hartuemana. "Herri bizitzan esperientzia gehiago duen pertsona batek gutxiago duena, zaurgarritasun egoeran dagoena laguntzen duela diogunez, bertikaltasun egoera datorkigu burura". Eta ez dute botere harremanik sustatu nahi. Izan ere, "harreman guztietan eman eta jaso egiten dugu, hartu eta eman".
Barneratua dugun ohiko zaurgarritasun kontzeptua ere zabaldu egin nahi dute. Huraxe aipatu eta "berehala profil zehatz batera goaz". Egitasmo honetan zabaldu egiten da zaurgarritasunaren izaera. "Mentoria programa honetan asko sinesten dut, benetako inklusiorako, benetako elkarbizitzarako oso baliagarria da", Loiraren esanetan. Sei hilabeteko prozesuaren ostean, mentoria programa honen itxiera egingo da. Baina, noski, urte erdi lehenago eraikitzen hasitako hartuemanak ez du zertan hor eten behar. "Naturalki segi dezake", Loirak aipatu digunez.
Izen-emateko deia
Boluntarioen hautaketa prozesu betean da egitasmoa. Herri osora zabaldu nahi dute egitasmoa baina lehentasunezko herrikideak jotzen dituzte, familiak, nerabeak, bakarrik heldutako gazteak, edota baita "zaintza lanetan interna gisa diharduten emakumeengana heldu nahi dugu". Herrian bizi nahiz bizitzera etorritakoa izan, izen-emateko bideok dituzue: hareman@zabalduz.eus / 747 490 194 / usurbil.eus/hareman. Hortik aurrera, izena emandakoekin bilduko dira egitasmo honen sustatzaileak. Formazioa jasoko dute gero.
Egitasmoa jendaurrean aurkeztu ostean, urte hasieran abiarazi nahi dute proiektua Usurbilen.