Urtebete lehenagotik hasitako prozesuetan jauzi nabarmena eman zuten martxoan; bai Aginagan, baita Usurbilen ere. Herri kooperatiba sortzeko asmoa agertu zuten aginagarrek Eliza Zaharrean egin zuten aurkezpen ekitaldi batean, urtebete lehenagotik egindako lanketa prozesuaren ostean. Bestalde, urtebeteko lanketaren ostean baita, kooperatiba eratzekotan zela iragarri zuen Usurbilgo Energia Berriztagarrien Komunitateak.
Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune berrirantz
Horrez gain, Kalezarren Matia eraikitzen ari zen zaintzadun etxebizitzen auzune berria albiste izan genuen behin baino gehiagotan; batetik, irisgarritasun unibertsala bermatuko duen proiektua aurkeztu zuen Udalak. Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzunearen eraikigarritasuna handitzeko Matiaren eta Usurbilgo Udalaren egitasmoari behin betiko onespena eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiak. Azkenik, zaintza eredu berrirako bide-orria ere aurkeztu zuten hilabete berean.
Martxoaren 8a, berraktibaziorako
Martxoaren 8an egindako mobilizazioetan urteotan piztuta izandako sugarra berriz su bihurtzeko deia egin zuten; mugimendu feministaren berraktibaziorako deialdi eguna izan zen egun hartakoa. "Gaurko eguna zure eskubide berak edukitzea aldarrikatzeko da", gogorarazi zuten egun berean, bestalde, Udarregi ikastolako ikasleek frontoian irakurri zuten gutunean.
Kafe Tertuliak, "zaurgarriago sentiarazten gaituzten" hamabi leku identifikatu zituen herrian. Artean, Emakumeen Etxearen espazio fisikoa eraikia dagoen honetan, barne funtzionamendua, bizitza nolakoa izango den marrazten ziharduten Usurbilgo emakumeek.
Elkartasuna eta errioa hizpide ikastetxeetan
Ikastolak bera murgildua zuen ordurako beste elkartasun proiektu batean; Nepaldala Gobernuz Erakundea laguntzeko LH 6. mailako ikasleek aurreko hilabeteetan landutako proiektuaren baitan, denda solidarioa zabaltzeaz gain, elkartasun lasterketa jendetsua egin zuten herrian barrena.
Artean, Aginagako eskolakoak erriora begira ziren lanean, Oriaren historian nabigatzen. QR kodeak jarri zituzten, garai batean ontziolen lekuko izan zen errioko puntu ezberdinetan eta modu horretan, ontziolen mapa osatu zuten.
Sortze lan berrien uzta
Aurkezpenei dagokienean, Zarauzko 2022ko Lizardi Saria, Yolanda Arrieta Malaxetxebarriaren "Mari Gonagorri eta hamazazpi berri" ipuina aurkeztu zuen egileak sortze lan honetako ilustratzaile Enrique Morente eta Usurbilgo udal ordezkariekin batera. Joseba Larratxek Euskadi Saria jaso duen "Ni ez naiz Mikel Laboa" komikia aurkeztu zuen Sutegi udal liburutegian. Peru Galbete kantari eta errealizadore usurbildarrak Joxean Artzeren inguruan landutako film laburra aurkeztu zuen Iruñeko Baluarten, Punto de Vista jaialdiaren sail ofizialean.
NOAUA! Kultur Elkarteak Sutegin aurkezturiko 20. Laburbirako film laburretako batean aktore eta herrikide Jontxu Martinez agertzen zenez, proiekzioan aipatu ikus-entzunezkoa aurkeztu zuen. Urrezko Kalabaza jaso zuen, bestalde, Ixabel Agirresarobek Ahoz Aho ahozkotasunaren nazioarteko jaialdian.
Musika eta gastronomia zikloak
Kultur ekitaldiei dagokienez, "Martxoa Gastronomikoa" antolatu zuen Aitzaga elkarteak. Zumarteren Soinurbil musika astea egin zuten. Orbeldi Dantza Taldeak eta Zumarte Musika Eskolak batera Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean eskainitako emanaldia izan zuen abiapuntu. Usurbilgo Kulturguneak Herri bizitza dinamizatzeko egutegi digitala garatzen ari zela iragarri zuen.
Azkenik, bigarrenez bisitan izan genituen Iruñeako Peña Alegriako kideak. Festa giroan murgildu zuten herria.
Kirolari emanak
Kirol albisteei dagokienean, euripean lehiatu ziren Aginagatik Oriora Oriaren 29. Jaitsieran parte hartu zuten lehiakideek. Bestalde, sentsibilizazio saio berezia izan zuten, LH 5. eta 6. mailetako Eskola Kiroleko parte hartzaileek Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko kideekin. Beñat Lizasok Euskal Pilota Egokituko Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen. Helduen mailan txapeldunorde eta jubenil zein alebin mailan irabazle amaitu zuten zubietarrek Joko Garbiko Gipuzkoako Txapelketa. Aginagan bertako Winter Series pala txapelketa abiarazi zuten.
Hauteskundeei begira
Maiatzeko udal hauteskundeei begira, hautagaiak aurkezten hasi ziren; EHBilduk Agurtzane Solaberrieta alkategaia eta Maddalen Iriarte Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izateko hautagaia aurkeztu zituzten Mikel Laboa plazan. EAJk eskualde mailako hautagaiak aurkeztu zituen baita; Eider Mendoza Ahaldun Nagusi izateko hautagaia eta Xabier Otxoa Usurbilgo alkategaia. PSE-k Petri Romero alkategaia aurkeztu zuen.
Erraustegiko berri
Hilabete honetan ere erraustegia hizpide izan genuen; izan ere, langile bat larriki zauritu zen. Handik aste gutxira, Eskuzaitzeta industriagunean beste langile bat ere larriki zauritu zen. Zubietako erraustegiari Eusko Jaurlaritzak emandako ingurumen baimen bateratuaren eraginkortasun adierazpenaren aurka GuraSOSek aurkezturiko helegitea aintzakotzat ez hartzea erabaki zuen EAE-ko Auzitegi Nagusiak. EAE-ko Auzitegi Nagusiaren azken epaiaren aurrean, guztia ez zegoela erabakita iragarri zuen GuraSOSek.
Zubietako erraustegiko kutsadura Zurriolatik gertu itsasoratzeko eskatua zen baimena bertan behera geratu zela ere berri eman zuen GuraSOSek.
Bi urtemuga
Amaitzeko, urtemuga banari lotutako albisteak. Batetik, hamar urte bete zituen Ernai gazte antolakundeak. Urtemugaren harira "Usurbildik ari gara" eguna antolatu zuten. Bestetik, aurtengoan 50 urte bete dituen Zumetaren frontoi atzeko muralean hilabete lehenago hasitako kontserbazio lanak amaitu zituzten martxoan. Lanok bukatu baino lehen, bisita gidatua ere egin zuten.
Bestalde, Usurbilek lau izarreko Zero Zabor Udalerri ziurtagiria eskuratu zuen eta honi lotutako jardunaldiak iragarri zituzten apirilean.
2023ko martxoko argitalpenak
Herrira Begira: "Egonezinez"
Martxoaren 3ko 941. NOAUA!
Martxoaren 10eko 942. NOAUA!
Martxoaren 17ko 943. NOAUA!
Martxoaren 24ko 944. NOAUA!
Martxoaren 31ko 955. NOAUA!