Gabonak

Urtea saritu gehiagorekin agurtuko du Hurbilagok

Noaua Aldizkaria 2023ko abe. 27a, 09:57

Urrian abiarazitako Erosle Txikien Iraultzaren kanpainaren ondotik, 650 Usurbil Bizi otarra eskuratzeko zozketan parte hartzeko aukera duzue egunotan Hurbilagok Kulturgunearekin eta Udalarekin batera sustaturiko ekimenaren baitan.

Herriko ekoizpenaz ederki asko hornituriko otar eder bat eskuratuta agurtuko dute hainbat herrikideek 2023. urte hau. Dakizuenez, Usurbilgo lehen sektoreko nahiz kulturgintzako ekoizpenaz osaturiko 650 Usurbil Bizi otarren bigarren edizioa abiarazi zuten Hurbilago elkarteak, Usurbilgo Udalak eta Usurbilgo Kulturguneak azaroa hasieran. 

Interesa zuten herriko ekoizleek eskainitako produktuekin otarrak osatu eta abendu hasieraz geroztik, haien zozketan parte hartzeko aukera duzue aste honen amaierara arte. Egitekoa erraza da, Hurbilago elkarteko kide diren saltoketan erosketak egin eta trukean, aipatu otarretako bat eskuratzeko txartela jasoko duzue. Larunbatean egingo dute otar hauen zozketa dendetan, eta biharamunean, abenduaren 31n, jendaurrean egingo den ekitaldi bidez banatuko dituzte 650 Usurbil Bizi saskiak.

Urteko azken sarituak izango dira baina ez lehenengoak; urrian zehar Erosle Txikien Iraultza izeneko ekimena bideratu zuen Hurbilagok. Ekimen hau ikusgarri egiteko aukera eskaini zuen Usurbilgo merkatarien eta ostalarien elkarteak. Usurbilen bizitzeaz gain, bertako denda txikietan erosiz gero, "poltsa berrerabilgarriak, poltsa tolesgarriak, motxilak, biserak, boligrafoak..." banatu zituzten.

Hurbilagok helarazitako ondoko argazkiotan duzue kanpaina ikusgarri egin zuten hainbat herritarren irudi.

650 Usurbil Bizi otarren zozketa
Abenduaren 30era arte
650 Usurbil Bizi otarren zozketan parte hartzeko txartelak saltokietan egindako erosketetan eskuratu ahalko dira: Aizpurua okindegia, Alkartasuna baserritarren kooperatiba, Ane ile-apaindegia, Arruti harategia, Artzabal baserri-jatetxea, Enar estetika, Esnaola janari-denda, Intza ile-apaindegia, Iratze natur-denda, Laukote okindegia, Laurok liburu-denda, Lizardi liburu-denda, Lurda mertzeria, Ni ile-apaindegia, Opil-Goxo, Otar-Goxo eta Usurbilgo Optika.

Abenduak 30, larunbata
650 Usurbil Bizi otarren zozketa.

Abenduak 31, igandea
13:00 650 Usurbil Bizi otarren banaketa ekitaldia frontoian.