Zero Zabor ziurtagiriari buruzko jardunaldi eguna antolatu zuen Usurbilgo Udalak apirila hasieran. Jardunaldiotan ziurtagiria bera jaso zuen udalerri honek bere sustatzaileen eskutik. Zero Waste Europe mugimendua bera sortu zen Italiako Cappanorirekin batera Europan hainbeste izardun dokumentua eskuratzen aitzindaria izan zen herri hau.
Ingurumen gaiekin segita, erraustegiari dagokionez, kutsaduraren salaketa bere sorbururaino eraman zuten Lasarte-Oriatik abiatutako martxa jendetsu baten bidez. GuraSOSek ohartarazi zuenez, bestalde, 2020ko eta 2022ko Arkaitzerrekako isurketen ikerketa bateratua agindu zuen Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak. Hilabetea amaitzeko, erraustegiaren jarduna etenda geratu zen beste behin, argindarra sortzeko sistema matxuratu ostean.
Doakotasunaren bidean
Haur Eskola ere hizpide izan genuen ikasturte berrirako matrikulazio garaiaren bueltan. Udal titulartasuneko zerbitzuari lotutako behin-behineko erabakia hartu zuen Udalak, doakotasunaren bidean. 2023-24 ikasturte honetako Haur Eskolako kuoten bi herenak Udalak bere gain hartzea erabaki zuen, udal gobernu taldeak Sutegin deitutako bileran berri eman zuenez.
Bilera hau egin zen aste berean, Euskal Herriko Neska* Gazteek urriaren 12tik 14ra Usurbilen topaketa feministak egingo zituztela iragarri zuten. "Utopiak lehertzeraino, Neska* Gazteok Baterajotzera!" deitu zituzten.
Izerdi patsetan
Kirol albisteetan, hainbat garaipen pilota mundutik. Agiña Winter Series pala txapelketa Jon Zumetak eta Imanol Galarragak irabazi zuten. Pagazpe alebin errendimendu mailan ekialdeko txapelketan nagusitu zen. Azkenik, Beñat Lizaso Euskal Pilota Egokituko txapeldunorde izendatu zuten.
Garaipen gehiago; Usurbil FTren jubenilen taldeak igoera eskuratu zuen. Esther Arrojeria kalezartarra eta Bera Bera Kopako txapeldun izendatu zituzten zazpigarrenez. Lur Errekondo ETBren "Harri Herri" harrijasotzeko txapelketako txapeldunorde izendatu zuten taldekideekin batera.
Bueltan izan genituen beste bi ekimenen lekuko izan ginen baita apirilean; Arantzazura oinez joateko ohitura berreskuratu zuen baita herritar talde batek. Gizonezkoen Euskal Herriko Itzuliak ere udalerri hau zeharkatu zuen hilabete hasiera hartan, N634 errepidetik barrena, tropeletik ihes egindako hiru txirrindularirekin.
Dantza batean
Orbeldiren Dantzaroan agurtu genuen apirila, dantzari txiki eta helduen topaketekin eta Dantza Egunarekin. Dantza eta kantu bira batek, belaunaldiartekotasuna sustatu zuen tranpaldo irekiak edota "Hala bazan!" herri ikuskizun ederrak borobildu zuen ziklo hau.
50 urte bete dituen Zumetaren frontoi atzeko muralaren urtemuga ekimenen baitan, bestalde, lan honen sorkuntza prozesua azaltzen zuen erakusketa inauguratu zuten Sutegin. "Muralaren errelatoa osatu dugu" adierazi zuten sustatzaileek.
Zenbait sariketa ere egin ziren hilabete honetan; Ugaitz Agirre Kontaketa Erotikoen Lehiaketan saritu zuten. Bestetik, CAF-Elhuyar Sariak Sutegin banatu dituzte aurtengoan.
Azkenik, bi hilabete lehenago abiarazitako lehiaketak izandako harrera tarteko, "espero baino lan gehiago jasota, pozarren gaude antolatzaileok!" adierazi zuten Etumeta AEK euskaltegikoek estreinakoz deitu zuten literatura txapelketaren harira.
Hauteskundeen atarian
Udal hauteskundeetarako hilabete baten faltan, Usurbilgo EHBilduk deialdi horretarako osaturiko taldea aurkeztu zuen jendaurrean. "Oso pozik eta harro gaude osatu dugun lantaldearekin", berri eman zuten Askatasuna plazan egindako ekitaldian.
2023ko apirileko argitalpenak
Apirilaren 21eko 946. NOAUA!
Apirilaren 28ko 947. NOAUA!