2023ari gainbegiratua

Euskararen aurkako epaien aurrean, aski dela adierazi zuten alkate eta hautetsiek uztailean

Noaua Aldizkaria 2023ko abe. 29a, 08:16

Uda giro beteko ohiko hitzorduez gain, bestelako kontuak ere hizpide izan genituen uztailean.

Festa giro betean hasi genuen uztaila. Usurbilgo gazte mugimenduak jaurtitako txupinazoak bost eguneko etenik gabeko parranda giroa piztu zuen Usurbilen. Oilasko biltzaileen bira, gazteen nahiz haurren eguneko dinamikak, kontzertu gau luzeak, dantza saioak, jan-edana, kalejirak, dantza saioak, otorduak... Eraso matxistek tarte batez jai giroa eten zuten azken txanpan. Santixabel egunez txosnagunean bertan egindako mobilizazioaren bidez salatu zituzten. 

Aurtengo maskota erreta, Zubietako festek hartu zieten lekukoa Santixabelei uztaila amaieran. Han ere ez zen ekimenik falta izan; hasiera ekitaldiarekin batera, soka-dantza, herritarren artean eginiko otorduak, haur jolasak, kontzertu gauak, oilasko biltzaileak, jan edana... 

Egurtzegi eta hauteskundeak berriz
Usurbilgo eta Zubietako festen artean aipatzeko moduko ezohiko bi hitzordu izan genituen; batetik, Kalezarren zaintzadun etxebizitzen auzune berria inauguratu zuten, Egurtzegi. Eta uda giro betean egin ziren Espainiako Gorteetarako hauteskunde aurreratuak, uztailaren 21ean, bi asteko kanpainaren ostean. Madrilgo Diputatuen Kongresurako eta Senaturako bozketen emaitzetan, EHBildu nagusitu zen Usurbilen. 

Hauteskundeotarako kanpaina hastear zela eratu zen aurreko maiatza amaierako udal eta foru hauteskunde egunez Zubietako Herri Batzarra berritzeko bozketen emaitzetatik osatutako batzarkideen taldea. Haritz Arrizabalaga izendatu zuten bi urterako Zubietako alkate.

Euskararen aurkako oldarraldia
Egun horien bueltan heldu zen euskararen aurkako enegarren erasoa. Udalei euskara hutsean jardutea debekatzen zien epaia kaleratu zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Epai horri erantzuteko udalerri euskaldunetako 125 alkate eta hautetsi batu zituen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) Usurbilgo frontoian.

Baterajotzearen aurkezpena
Urriaren 12tik 14ra Euskal Herriko Neska* Gazteek Usurbilen antolaturiko Baterajotzearen nondik norakoak aurkezteko herri agerraldia egin zuten Mikel Laboa plazan. 

Nazioarteko kirolariak
Kirol hitzordu eta albisterik ere izan genuen. Jon Begiristain Agirre, Bera Berako bigarren entrenatzaile izendatu zuten. Goi-mailako txirrindulariek hirugarrenez zeharkatu zuten udalerri hau N634 errepidetik barrena, Donostiako Klasikoko lehiakideek hain zuzen. Bitan gainera, goiz partean Oriorantz eta arratsalde partean, Donostiarantz. Nazioarteko txirrindulariak lehiatu ziren hitzordu hartan. Aldiz, nazioarteko futbolari gaztetxoak Donosti Cup txapelketan. Ekimen horretako hainbat neurketa Haranen jokatu zituzten.

Udajolas eta kanpaldia, markak hausten
Beste hainbat gaztetxok Udajolasen parte hartu zuten hilabete osoan zehar. Parte hartzaileen marka guztiak hautsita ekin zioten aisaildi ekimenari; 4-12 urte arteko 209 gaztetxorekin hain zuzen. Parte hartze marka hautsi zuen baita aste haietan Errioxako Peñaloscintosen Ziortzak egokitutako DBHkoentzako kanpaldiak.

Osasun kontuak
Hilabete honek ere saritu bat ekarri zigun geure lerroburuetara. Izan ere, Maider Zubelzu usurbildarrak 2023ko Fundación Lilly-The Conversation saria irabazi zuen. Medikuntza eta osasuna zabaltzeko hedabide honetan argitaraturiko bere artikuluagatik eman zioten saria; Parkinsonaren gaixotasuna usaindu ote daitekeen, galdera honen bueltan landutakoa hain zuzen.

Osasun gaiekin segita, 2020ko osasun krisialdian murgildu ginenetik indarrean zen azken murrizketa ere bertan behera uztea erabaki zuen Espainiako Gobernuak uztaila hasieran; musukoa erabiltzea ez da derrigorrezkoa inon ordutik.

Bestelako murrizketak ere hizpide izan genituen; "Lehen Arretan eta etengabeko arreta guneetan medikuak kentzen ari dira" adieraziz, Osakidetzan aplikatutako murrizketak salatzeko mobilizazioa deitu zuen besteak beste, Donostialdea Osasun Publikoaren Alde herri Plataformak.

Kea zerion
Hilabete honetan ere erraustegia hizpideen artean izan genuen, Zubietako errauste plantan sutea izan zela ohartarazi zuen GuraSOSek uztailaren 4an. Ikusteko modukoa izan zen ke zutabea.

Plenoko berri
Udako etenaldi aurreko azken ezohiko osoko bilkuran ere zenbait erabaki garrantzitsu hartu edota jakinarazi zituzten. Batetik, Ingemarrek zor duena kitatzen joateko akordioa erdietsi zuela Udalarekin. Aldaketa ere txertatu zuen Haur Eskolaren esleipen kontratuan, Udalak zerbitzu honen 2023-24 ikasturteko kuoten %62a bere gain hartzeko, udaberrian Sutegin iragarri zuen moduan. Azkenik, bi aste lehenago Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udalerri euskaldunen aurka argitaraturiko epaiari erantzun zion adierazpena plazaratu zuten; "Kezkagarria eta larria iruditzen zaigu sententzia", adierazi zuten.

Hirigintza lanei dagokienean, azkenik, oinezkoak lehenetsiko dituen San Esteban kale irisgarriagoa erabilgarri jarri zuen Udalak.

2023ko uztaileko argitalpenak
Herrira Begira: "Eguzkiari erregu"
Uztailaren 7ko 957. NOAUA!
Uztailaren 14ko 958. NOAUA!
Uztailaren 21eko 959. NOAUA!