Iluntze hotz askoa genuen bart Usurbilen, baina aparteko "mikroklima" sortu zen Aitzagaren bueltan. Usurbilgo gazte mugimenduak abenduaren 23az geroztik antolaturiko gazte topaketei amaiera bertan eman nahi izan zien. AztarriTruk bigarren eskuko azokarekin abiarazi zuten zikloa larunbatean, biharamunean kalez kalez gabon bezperako poteo ordua girotzen aritu ziren AztarriKant ekimenarekin. Jardunaldi eguna zuten atzokoa; batetik, gabonak eta zaintza hizpide zituen jardunaldia izan zuten goizean. Kontsumismoaren ertz ezberdinak aztertzen aritu ziren goizeko saioa egin zuten leku berean, arratsaldean; Potxoenean hain zuzen.
Jardunaldi egun honen eta, orohar, topaketen amaiera musikatu nahi izan dute aurtengoan ekimen hauen guztien antolatzaile Aztarrika gazte asanbladak, Kafe Tertulia Usurbilgo Neska* Gazteen Talde Feministak eta Ernai gazte antolakundeak. Herriko bi talde gonbidatu nahi izan zituzten Aitzaga atarian antolatu zuten emanaldien eremura; Anuk eta Elene abeslari eta musikari bikotea hasteko. Ezagunak ditugun hainbat euskal kanta plazaratu zituzten, haien bueltan bildutakoak abestera gonbidatzearekin batera.
Segidan, estreinaldia izan genuen; Txiskeroak taldearen estreinako kontzertua. Euskarazko kanta ezagunekin batera, haiek sortutako lehenengoa plazaratu zuten Aritz Urkijok (baxua), Alain Harreguyk (abeslaria), Enaitz Manterolak (bateria), Axel Floresek (kitarra) eta Axular Rekondok (kitarra). Irudiotan ikus dezakezuen moduan, hotz egin arren, harrera bero askoa, jendetsua egin zieten bart emanaldiok eskaini zituzten taldeei. Gogotik txalotu zituzten herriko musikariak kontzertuetara joandakoek.