Jokalari gaztetxoen zelaian bilakatu dute astearte honetan Harane, gunearen izena bera zeraman lehiaketarekin. Izan ere, Harane Txapelketa jokatu baita Kalezarko eremu horretan. Usurbil Futbol Taldeak antolatuta, alebin mailako lehen urtekoen arteko topaketa egin dute goiz osoan zehar.
Zelaia bitan zatitu eta aldi berean bi multzoetan banatuak zeuden gaztetxoen futbol taldeak lehiatu dira euren artean; launa talde, zortzi guztira, beraz. A multzoan Usurbil FT A, Orioko FT, Billabona FKE eta Mundarro KE; B multzoan, Usurbil FT B, Lazkao KE, Añorga KKE eta CD Vasconia.
Bizi asko aritu dira gogoko duten kirol jarduera horretan. Hiru partida jokatu dituzte multzo bakoitzeko taldeek eta hortik azken faserako sailkatu dira, Mundarro, Añorga, Lazkao eta Billabona. Finalean Mundarrorekin jokatu ostean, Lazkao nagusitu da aurtengo topaketan. Pozik asko jaso dute txapela eta gainerakoek baita garaikurra. Halere, lagunartea eta kiroltasuna azkenean txapeldun.