Aginaga, Arratzain eta Txikierdi nahiz Urdaiaga, Txokoalde eta Santuenea inguruko hainbat txokoetan ez dute banda zabalik egun. Egoera aldatzen hasi liteke datorren urte berriarekin batera, Usurbilgo Udalari jakinarazi diotenez. "Aurreikusi baino beranduago bada ere, 2024 hasieran hasiko dituzte banda zabala landa eremuko baserri guztietara helarazteko lanak, udalak jakin ahal izan duenez".
Hori hala izan dadin, lanean ari dela Udala berri eman dute. "Aurreko legealdi hasieran, 2020ko urtarrilean, Gipuzkoako Foru Aldundiak banda zabala landa eremuko baserri guztietara zabaltzeko asmoaren berri eman zuen, eta lankidetza eskaera egin zien udalei: Usurbilgo Udalak baiezkoa eman zion eskaera hari, orduan iragarri zuenez".
Une hartan, "Udalak gabeziak nabaritu zituen aldundiak landutako lehen mapan: banda zabalik gabeko eremuak zeintzuk ziren jakinarazi eta mapa zuzendu zezan eskatu zion. Izan ere, udala berehala hasi zen baserrietan bizi diren herritarrekin hartu-emanetan, eta ondorioztatu zuen 75 direla azpiegitura falta duten etxebizitzak".
Eskumenik ez
Udaletik azaldu duen moduan, euskadibandazabala.eus atarian kontsulta daiteke "baserri bakoitzean banda zabalaren egoera zein den, eta, banda zabala izateko azpiegiturarik ez badute, noizko izango duten adierazten du. Horren arabera, Usurbilgo zenbait baserrik 2023ko abendurako izan beharko lukete; beste zenbaitek, berriz, urtebete geroago".
Hau ez kontu berria Udaletik gogorarazi dutenez. "Informazio hori 2021ean jada publikoa zen, eta lanak hasi gabe izanik epemuga iristen ari zela konturatuta, udala harremanetan jarri da lanen hasiera dataz galdetzeko eta presioa egiteko. Hala jakin berri du datorren urte hasieran hasiko dituztela lanak".
2021az geroztik, "Gipuzkoako Aldundiak abiatutakoa Espainiako Gobernutik bideratzen hasi ziren, eskumena harena zela argudiatuta. Udalak eskumenik izan ez arren, lanak egiteko baimenak eman behar ditu: 2022an jaso izan ditu eskaerak, baita baimenak onartu ere, baina obrak ez dituzte hasi, eta luzapenak eskatu dituzte, etengabe".
Testuinguru horretan, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak Udalberri-n jakinarazi duenez, “Ea urte berriak albiste onak ekartzen dizkigun! Hala izan dadin eragiten jarraituko dugu, azpiegitura hau herriko txoko guztietara irits dadin”.
Alkateak iragarri duenez, "instalatzaileak etortzen direnean, baserri guztietara joateko asmoa dute, azpiegituraren azterketa beraiekin in situ egin eta banda zabala baserri guztietara ailegatuko dela bermatzeko".