Hirigintza hitzarmena sinatu dute Udalak eta Urbilek

Noaua Aldizkaria 2023ko abe. 28a, 09:46

"Udalak merkataritza gunearen inguruko urbanizazioa jaso ahal izateko baldintza ekonomikoak eta denborazkoak finkatu dituzte hitzarmenean", azaldu dute.

Hiru urtez landu eta adostu duten hirigintza hitzarmen baten berri eman zuen udal gobernu taldeak azaroaren 29an egindako osoko bilkuran; Usurbilgo Udalaren eta udalerri honetako lurretan kokatua dagoen Urbil merkatalgunearen artekoaz ari ziren hain zuzen.

Eremu horren bueltako mantentze eta zaintza lanen bueltakoa da hitzarmen hori. Urbilek 16.500 euroko ekarpena egingo dio Udalari. Ia 67.000 euroko konpromisoa hartua du bestalde, hurrengo urtebetean eremu horretako urbanizazioa hobetzeko: seinaleztapen berria, LED argiteria,...

Horrez gain, 2029ko ekainaren 30era arte merkatalgune inguruko kale garbiketa bere gain hartuko du Urbilek. Zerrendatuak dituzte Urbilek egin beharreko lanak. Udalak sei urte barru, konpromiso guztiak betetzean "Urbil inguruko urbanizazioa jasoko luke" eta modu horretan, aspaldidanik urrats hori emateko epea zehaztu dute. Lankidetza honi 90. hamarkada amaieran eman zioten hasiera, Urbil eraikitzeko proposamena Usurbilgo Udalera heldu zen garaian hain zuzen.

Konpromiso hauek guztiak biltzen ditu aipatu moduan berriki Udalak eta Urbilek adosturiko hirigintza hitzarmenak. Egunotan hitzarmen hau sinatu dute bi aldeek. "Udalak merkataritza gunearen inguruko urbanizazioa jaso ahal izateko baldintza ekonomikoak eta denborazkoak finkatu dituzte hitzarmenean". 

1996ko hitzarmen berritzea
Udalak eta Urbilek sinatu berri duten hitzarmenak 1996. urte amaieran du jatorria. Orduan adostu zuten bi aldeek lehenengo hitzarmena, "merkataritza gunea ezartzeko helburuarekin. Urbilek konpromisoa hartu zuen obrak amaitu ondoren urbanizazio hori bere gain hartzeko, baina hitzarmen horri ez zitzaion amaiera eperik jarri. Duela hiru urte, Zapategiko eremuaren garapenaren harira, Urbilek udalari eskatu zion hitzarmen hori amaitutzat jo behar zela, eurek mantentzen duten inguruak jada “merkataritzaz haragoko erabilera” duelako. Udalaren aholkulariak ere ados agertu ziren, halako hitzarmenek 20 urte inguruko epea izaten baitute".