Urteko azken mobilizazioa deitu du Sarek gaurko

Noaua Aldizkaria 2023ko abe. 29a, 07:04

Sarek urtarrilaren 13an Bilbon deitu duen manifestazioarekin bat egiteko mobilizazioa izango da urteko azken ostiral honetakoa.

Abenduko eta urteko azken ostirala gaurkoa; ohi bezala, Sarek hilero deitzen duen mobilizazio eguna. 2023ko azken elkarretaratze hau urtarrilaren 13ko Bilboko manifestazioari atxikimendua adierazteko baliatuko dute. Izan ere, "Konponbiderako Giltzak" aldarripean egingo den mobilizazioaren harira manifestua aurkeztu zuen urrian Sarek. Ordutik atxikimenduak biltzen dihardute giltzak.sare.eus atarian. Norbanakoek nahiz eragileek bat egin dezakete testuarekin.

Usurbilgo Sarek gaurko elkarretaratzean, "konponbiderako giltzen" herri argazkia atera asmo du. Mobilizazioa ohi bezala, iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan egingo da.

Ordu aldaketa
Gogoan izan, bestalde, Sarek urtarrilaren 13an Bilbon deitu duen manifestazioa arratsaldeko 17:00etan abiatzekoa zela urtero moduan La Casillatik. Arratsalde horretan Realak eta Athleticek jokatzekoa duten neurketaren harira, ordea, ordubete aurreratzea erabaki dute mobilizazioa, 16:00etara hain zuzen. Hartara, "bi ekitaldiak elkarren talka izatea baino, eta, ondorioz, batean zein bestean izateko grinaz diren herritarrak erabaki bat hartu beharrean ez izateko, bi ekitaldietan parte hartzeko aukera sortzearen alde egin nahi izan dugu".

Bizkaiko hiriburura joateko autobus zerbitzua antolatuko du Usurbilgo Sarek. Aurrez ohiko tokietan eman ahalko da izena.




Manifestua

Giltzak

Giltza. Sarraila. Zuloa. Atea. Zabaldu-Zarratu.

Giltzak ireki eta ixteko balio digu: etxea, kotxea, kutxa, giltzarrapoa, kaiola, espetxea. Preziatu duguna giltzapean gordetzen dugu: dirua, bitxiak, paperak, sekretuak, oroitzapenak, nostalgiak.

Giltzari esker sartu eta irten egiten gara: aurrera egiten dugu. Edo atzean geratzen gara, gotorturik.

Giltza zertarako, gakoa.

Zarratu: Iraganeko minak, gorrotoak eta biolentziak atzean uzteko, inoren sufrimendua ahaztu edo gutxietsi gabe, baina bai iraganari begiratu ahal izateko, orainaldirako eta etorkizunerako irakaskuntza gisa. Akatsetatik ikasiz ez errepikatzeko, norgehiagokak giltzapetu eta iraganean ainguratzen gaituzten lehiak ixteko.

Zabaldu: konponbideari ateak irekitzeko.

Eta horretan gabiltza, aurrera urrats sendoak eman ahala, ateak zarratu eta zabalduz. ETAren desagerpenarekin, isolamenduaren eta urruntze politikaren amaierarekin, biktima ezberdinen oinazera hurbilduz, distantziak murriztuz eta banatzen gaituzten hormak eraitsiz.

Bidean aurrera urratsak ematen jarraitzeko ordea beharrezko zaigu iraganean betikotzen gaituzten ateak itxi eta euskal preso, iheslari eta deportatuen aferari irtenbidea ematea, bai eta gutxieneko akordio baten bila, biktima guztiei tratamendu justu eta berdina ematea ahalbidetuko duten ateak irekitzen jarraitzea.

Oraindik ordea, ezin izan dugu iraganaren atea behin betiko itxi. Oraindik, euskal presoen eskubideek urratuak izaten jarraitzen baitute eta, era berean, ez da lortu biktima guztiei bidezko tratamendua emateko helburua.

Presoek legearen bidea jorratzeko ateak ireki ahala, badirudi ugaritzen ari direla legedia ezartzeko oztopo diren sarraila berriak: salbuespenak giltzarrapo izaten darrai, etxerako ateak itxita jarraitzen du.

Aldiz, aspaldian jendartea elkarbizitzarako ateak irekitzeko lanetan dabil, giltza ugari eskutan hartuta, pertsona eta eragileen arteko harremanak, adostasunak eta desadostasunak, modu eraikitzailean egituratuz.

Bide horretan jarraitu nahi eta behar dugu: giltzei eraginez jendartearen motorra piztu eta aurrera egiteko. Pertsona guztien motorrak martxan jartzen lagundu nahi dugu: kaleetan, esparru politikoan, sindikalean eta sozialean… hainbeste urtetako konfrontazioaren ondoren gizarte gisa nahi dugun etorkizunari ateak irekitzeko.

Konponbidearen eta elkarbizitzaren ateak parez pare zabaldu nahi eta behar ditugu. Eta horretarako presoen etxerako atea zabalduko duen/duten giltza/k eskuartean hartu behar ditugu.

Ez gara zigorgabetasuna eskatzen ari, zigorrak betetzeko legeak berak eskaintzen dituen aukera desberdinei ateak irekitzea baizik. Espetxe eredu berri, humanizatu eta justuago batean sakonduz, euskal presoei dagozkien eskubideen jabetza aitortuz, herri honetan sufritu duten pertsona guztiak aintzat hartuz eta biolentzia ezberdinen biktima diren guztiak errespetatuz.

Esandako guztiagatik, adierazi nahi dugu prest gaudela konponbiderako, elkarbizitzarako, biktima guztien minen errespeturako eta presoen etxerako biderako ateak irekiko dituzten giltzak gure eskuetan hartzeko, lege arruntak dion bidetik, hamarkadetan zehar aplikatzen ari zaizkien salbuespenak betiko baztertuz.

Ahaleginak egingo ditugu ate hauek lehenbailehen ireki daitezen eta, horrela, herri hau osatzen dugunok elkarbizitza oinarri izango duen etorkizun bat eraiki dezagun.