Gabonak 2023

650 Usurbil Bizi otarren zozketa eta banaketa asteburuan

Noaua Aldizkaria 2023ko abe. 29a, 08:52

Larunbatean egingo dute zozketa dendetan, igandean egingo da banaketa frontoian. Zozketan parte hartzeko azken orduak dituzue honako hauek.

Usurbilgo Udalak, Kulturguneak, Hurbilagok eta 650 Usurbil Bizi egitasmoak sustaturiko 650 Usurbil Bizi otarrak eskura ditzakezue, Hurbilagoren kide diren saltokietan erosketak eginda. Erosketon truke abenduaren 30ean egingo den zozketan parte hartu ahalko duzue. Hilaren 31n banatuko dituzte otarrak frontoian egingo duten ekitaldi batean.

Saskiotan herri ekoizpena aurkituko duzue; lehen sektoreko nahiz sormeneko produktuez horniturikoak izango dira, "herriko ekoizle eta sortzaileen lana ezagun egin eta produktu horiei ikusgarritasuna emateko, herrian bertan kontsumitzea bultzatzearekin batera".

Iaz antolatu zuten ekimen hau estreinakoz eta izan zuen arrakastaren ondotik, esperientzia errepikatzea erabaki dute aurten. "2022an antolatutako lehen edizioaren balorazio positiboa egin dute ekimenaren antolatzaileek, besteak beste, herriko eragileen parte-hartzea altua izan zelako. Guztira, Usurbilgo 34 ekoizle eta sortzailek hartu zuten parte iaz: 7 kultur sortzailek, 2 moda diseinatzailek, 10 musikari edo musika taldek, lehen sektoreko 10 ekoizlek eta 5 sagardogilek; horrez gain, Hurbilago elkartekoak diren 18 saltokik hartu zuten parte otarren zozketan, eta 90 otar banatu zituzten bezeroen artean".

Aurtengoan ekoizleok parte hartu dute: Jurgi Fuentes (Adarrak), Elhuyar Aldizkaria, Andoni Arzallus, Osto eta Ale, Ilargia eta Landareak 2024, Maider Alzaga, Rukula, Yolanda Arrieta, Usurbilgo sagastia, Viafara, Ameba, Ione Iruretagoiena, Ixabel Agirresarobe, Joseba Tapia, Saizar, Neona, Arkaitz Portularrume, Odolaren Mintzoa, Mimoz Koadernaketa, Arrillaga Txiki baserria, Aialde Berri, Iñorkinak, Mihise, Edorta Agirre, Sari Frutak, Basatxerri, Lumagorri, Iruin eta Urdaira.


Hurbilago gabonetan
Abenduaren 30era arte

650 Usurbil Bizi otarren zozketan parte hartzeko txartelak saltokietan egindako erosketetan eskuratu ahalko dira: Aizpurua okindegia, Alkartasuna baserritarren kooperatiba, Ane ile-apaindegia, Arruti harategia, Artzabal baserri-jatetxea, Enar estetika, Esnaola janari-denda, Intza ile-apaindegia, Iratze natur-denda, Laukote okindegia, Laurok liburu-denda, Lizardi liburu-denda, Lurda mertzeria, Ni ile-apaindegia, Opil-Goxo, Otar-Goxo eta Usurbilgo Optika.

Abenduak 30, larunbata
650 Usurbil Bizi otarren zozketa.

Abenduak 31, igandea
13:00 650 Usurbil Bizi otarren banaketa ekitaldia frontoian.

Antolatzailea: Hurbilago Usurbilgo ostalarien eta merkatarien elkartea.