Bizi asko joan zitzaigun maiatza, Usurbilen sustrai sakonak dituzten hitzorduen itzulerekin eta hauteskundeekin. Izan ere, maiatzaren 28an udal eta foru hauteskundeak egin ziren Usurbilen, Zubietan Herri Batzarra berritzearekin batera. EHBildu nagusitu zen deialdi hartan. Aurretik, bi asteko hauteskunde kanpaina egin zuten eragile politikoek herrian.
Deialdi honekin batera, aipatu moduan, bueltan izan genituen ezagunak ditugun hainbat ospakizun maiatzeko igandeetan; hasteko, lehenengo igandean Andatza Eguna, Zirimarakoen familia planarekin. San Ixidro eguna bezperara aurreratu zuten hirugarrenean. Jan edanaz gain, aizkolaritza eta herri kiroletako lehia ikusgarria antolatu zuten frontoian.
Bezperan, bigarren Txalaparta Eguna ospatu zen Jexux Artze Kultur Elkartekoen eskutik. Aurretik izandako "txalaize kontzertuaren" ondotik, instrumentuok probatu edota emanaldi ibiltari batez gozatzeko aukera izan zen. NOAUA! K.E.-rekin lankidetzan, Peru Galbetek 'Uarren oldea' kontzertua eta ‘Bide bazterrean Hi eta Ni kantari’ proiekzioa eskaini zituen Sutegiko auditorioan.
Erreleborako deia
Ezin ahaztu noski, maiatzeko laugarren igandean ospatu zen Sagardo Eguna. Berrogeigarren edizioa, zenbakiagatik soilik ez, izandako harreragatik ezin borobilagoa, kolosalagoa izan zen. Xabier Soroa Udabe omendu zuten antolatzaileek. Antolakuntzak datozen edizioei begira, erreleborako deia egin zuen.
Kirol hitzorduei dagokienean, apirilean gizonezkoek egin moduan, Emakumezkoen Itzuliak udalerri hau zeharkatu zuen N634 errepidetik barrena. Udalerri barrura begira, gazte asanbladak Aztarri Cup hilabeteko txapelketa jendetsua abiarazi zuen. Aurretik, arraunean ikusi genituen Aginagako eskolako kideak Orian, Orion hain zuzen. Alboko udalerriko ikastetxeekin batera haien eskuz eginiko ala uretaratu zuten Mutiozabal paretik.
Kirol albiste gehiago; Intza Maiozek Espainiako eskubaloi txapelketako B sektorea jokatu zuen. Bizkaia paleta txapelketa irabazi zuen, bestalde, Miriam Arrillaga herrikideak. Euskal Pilota Egokituko Gipuzkoako binakako txapelketa irabazi zuen Beñat Lizasok. Infantil nesken futbol taldeak txapeldun eta txapeldunorde amaitu zuten infantil mutilek. Azkenik, Eneko Furundarena Maizi 2027ra arte luzatu zioten kontratua Bidasoa eskubaloi taldean.
Elkargunea
Maiatzean ere ez zen aurkezpenik falta izan; kultur eragileak nahiz aisialdi eremuan lanean dihardutenak elkartu dituen Usurbilgo Elkargunearena esaterako Aranerreka parkean.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk sustaturiko "Adin adin" egitasmoko bertso saioetako bat Puntapax eguneko zentroan egin zuten. Foru Aldundia aipatuta, Mikel Laboa Katedraren baitan Joxan Artze doktorego aurreko ikerketa saria sortu zuela berri eman zuten Diputaziotik.
Amaitzeko, estreinaldi bat; "Las buenas compañías" izeneko filma hasi ziren proiektatzen zinema aretoetan; ikus-entzunezko lan honetan parte hartu zuen Aginagako Irati Borreguerok.
Topaketa
Gabonen atarian egin berri duten moduan, belaunaldien topagune izan genuen Zumarte maiatza amaieran; bisita gidatu berezia egin zieten Puntapax eguneko zentroko eta eguneko arreta zerbitzuko kideei. Denek batera abestuz amaitu zuten goiza. Hilabete hartako kantu-jirara ere ahots berriak batu eta belaunaldiarteko topaketan bilakatu zuten hitzordu hura.
Potxoenean artean, azaroaren 30eko greba feminista orokorra prestatzen hasi ziren.
Saritua
Herri ostalaritzari eta merkataritzari dagokionean bi mintzagai izan genituen; Sagardo Egunaren atarian, Gure Pakea elkarteko Artzabal jatetxeak antolaturiko dastatze saioak eta Euskadiko autore-hanburgesen I. Lehiaketa. Hanburgesa berritzaileen atalean saritu zuten Otar Goxo.
Arkaitzerreka eta zozketak
Maiatzean ere erraustegia hizpide; Arkaitzerrekako kutsadurari aurre egiteko "proiektua aldatu ondoren", GHK-k egin nahi dituen obren berri eman zuen URA-k. Proiektu aldaketa honi erreklamazioak aurkeztuko zizkiola jakinarazi zuen GuraSOS elkarteak. "Oria eta Zurriola arriskuan daude oraindik" ohartarazi zuen.
Udalak, gainera bi zozketa egin zituen; Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioko bizilekuak eta Agerreazpiko udal baratzak esleitzeko hain zuzen.
2023ko maiatzeko argitalpenak
Maiatzaren 5eko 948. NOAUA!
Maiatzaren 12ko 949. NOAUA!
Herrira Begira: "Zirrikitutik"
Maiatzaren 19ko 950. NOAUA!
Sagardo Eguneko gehigarria
Udal hauteskundeen gehigarria: alkategaiekin solasean
Maiatzaren 26ko 951. NOAUA!
Udal hauteskundeen gehigarria: hautes-programak