Inflexio hilabetea izaten da ekaina, izan ere ikasturtea amaitu eta udari harrera egiten diogu. Garai aldaketa bizia izaten da eta aurtengoa ez da salbuespena izan. Aipatu moduan, ekaina ikasturte amaieraren hilabetea izanik, ikastetxeen jaialdien lekuko izan ginen. STEM gaietan bikaintasunaren zigilua eskuratu berri zuen Udarregi ikastolari dagokionean, HHko haurrek "Zumetaren koloreak" ikuskizuna plazaratu zuten, frontoi atzeko muralaren 50. urtemuga honetan. Energia eta ingurumen alorretan eraginez agurtu zuten ikasturtea Udarregiko ikasle helduenek. Antzezpen eta dantza saioen artean, aldiz, Zubietan UdaFest zikloaren baitan. Esketxak, dantza, jolasak, antzezlanak, ipuinak... denetariko arte diziplinak tartekatu zituzten Aginagako eskolakoek.
Zumarte Musika Eskolak ere bi egunetan eskola atarian nahiz frontoian eskainitako kontzertuekin agurtu zuen ikasturtea. Orbeldik Mikel Laboa plazan, dantzan noski. Diplomak eskuartean hartuta agurtu zuten ikasturtea Esperientzia Eskolakoek. Euskaltegiak estreinakoz antolaturiko Etumeta Literatura Lehiaketako sariak banatuta agurtu zuen ikasturtea. Deialdiak piztutako sormenerako gaitasun eta gogoa goraipatu zuten ekitaldian.
Jaien hasiera
Agurren ondotik, uda garaiari ongi etorria ematearekin batera hasi genuen jaien denboraldia; lehen geltokia Kalezarko San Joanetan izan genuen. Hilabete amaieran, Usurbilek hartu zien lekukoa. Jaiok iragartzeko egitarauaren diseinu lehiaketa Peru Agirresarobek irabazi zuen.
Santixabelen atarian, aurten ohi baino hilabete lehenago, gizarte mugimenduak hizpide izan zituen UEUren udako ikastaroen baitako Jakin Jardunaldia egin zuten Artzabalen.
Alkate bigarrenez
Bistan denez, garai aldaketa agerikoa bizi izan genuen ekainean; ez soilik urtaro batetik besterako trantsizioa, baita legealdi aldaketa ere. Maiatzaren 28ko hauteskundeen emaitzetatik eratorritako udlabatza berria osatu zuten ekainaren 17an. Agurtzane Solaberrieta Mesa izendatu zuten alkate bigarrenez. Hilabete hartan egindako legealdi berriko lehenengo osoko bilkuran, udal antolaketa malgutzea erabaki zuten.
Udala aipatuta, egitasmo aurkezpenen tartean, ekainean, ikasturte honetan abiatu asmo zuten euskalduntze beharra zuten gaztetxoentzako euskara errefortzu programaren berri eman zuen gobernu taldeak. DA Kolektiboak bere sorkuntza lana aurkeztu zuen Potxoenean.
Herri sorkuntzaren hariari tiraka, erakusleihoa zabaldu zuten berriz Sutegin; oraingo honetan, Jose Luis Elexpe "Pelex"en "Hotsez Hots 2.0" artelan bilduma ezagutzeko aukera izan genuen.
Etxeko berri ere eman genizuen hilabete hartan; ekainean sartzearekin batera, aldizkaria itxuraz berritua aurkeztu genizuen. TOKIKOMeko gainerako hedabideen pare jarri gintuen garai berrietara egokitzeko urratsa izan zen.
Michelin eta Ezkeltzu
Mobilizazio artean joan zitzaigun baita ekaina. Bermedun hitzarmen duina izateko borrokatu ziren Michelingo langileak. Zenbait greba egun eta manifestazio jendetsuen ostean, lau urterako hitzarmena adostea lortu zuten.
Andatzaren hegoaldean mobilizatzeko deia egin zuen bestalde, Andatza-Ezkeltzu Bizirik plataformak. Ezkeltzun eraiki nahi duten parke eolikoak izango duen eraginaz ohartarazi zuten proiektuaren eremura antolatu zuten txangoan.
Handik gertu kokatua dagoen erraustegiari dagokionez, hari buruz Ekopol-ek landutako ikerlanak hizpide izan zituzten Eusko Legebiltzarrean.
Txapeldunak
Kirol albisteei dagokienean, ia 600 partaide erakarri zituen 3. Uxue Trail lasterketa solidarioak. Uxuen Lagunak elkartea sortu zutela jakinarazi zuten ekimen horren bueltan. Jubenil mutilen futbol taldekoek Kopako txapeldun izanda agurtu zuten denboraldia. Esther Arrojeriak beste urtebetez Bera Bera taldean jokatzen segiko zuela berri eman zuten. Araitz Mendiluze pilotaria, Gipuzkoako Eskolarteko txapeldunorde izendatu zuten. Bigarren urteko alebin mailako Alejo anaiek Gipuzkoako pilota txapelketa irabazi zuten.
Saritu eta oroituak
Saritu gehiago; Ane Ibargoyen Alvarez, Zientzia eta teknologiaren dibulgazioa xede duen On Zientzia bideo-lehiaketan saritua izan zen. Izen propio gehiago; Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Adiskide Numerario izendatu zuen Koro Segurola. Bestalde, NOAUA! K.E.-ren sortzaileetako bat agurtu zuen herriak; Aitor Pikabea Atorrasagasti.
Akabo
2020tik aurrera bizi izandako osasun krisialdiaren testuinguruan indarrean zen azken neurrietako bat eten zuten; musukoa farmazietan eta gune soziosanitarioetan derrigorrez erabiltzeko betebeharra bertan behera utzi zuten.
Ekaineko argitalpenak
Ekainaren 2ko 952. NOAUA!
Ekainaren 9ko 953. NOAUA!
Ekainaren 16ko 954. NOAUA!
Ekainaren 23ko 955. NOAUA!
Santixabeletako gehigarria
Ekainaren 30eko 956. NOAUA!