Amaitzear diren ospakizun eta jaiegunon ostean, hasi berri dugun urte berriak dakarzkigun gorriz seinalaturiko gainerako egunak zeintzuk izango diren gogoan hartzeko une aproposa izan daiteke.
2024ko jaiegun ofizialen egutegia Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak iragan maiatza amaieran onartu zuen. Bestela esanda, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan urte berri honetan izango ditugun jaiegun ofizialen egutegia. Guztira hamabi festa egun izango ditu, baina egutegian gorriz ageriko zaizkigun egun hauei beste bi erantsi beharko dizkiegu; bat Gipuzkoako Foru Aldundiari hautatzea dagokion herrialde mailakoa eta bestea Usurbilgo Udalak zehazten duena, udalerri mailakoa.
Gipuzkoakoa uztailaren 31 izaten da, udalerri mailakoa, 2024an ere, uztailaren 2a, Santixabel Eguna izango da. Iaz igandez egokitu zen, eta honenbestez, Usurbilgo jaieguna, biharamunera, uztailaren 3ra atzeratu zuten. Egun horretan amaitu ziren hain zuzen, herriko festak. Aurten, ordea, asteartez egokituko da.
Urteak egun bat gehiago
Gainerako jaiegunak, orain artekoak izango dira: Espainiako naziotasuna goraipatzen dutenak nahiz erlijio ospakizunei lotutakoak izango dira. Aipatzeko moduko aldaketa bakarra abenduaren 8a igandez egokituko dela, eta beraz, jaiegunen egutegitik kanpo utzi dute. Era berean, ordea, urtarrilaren 1a, iaz igandez egokitu zena, astelehenez egokitu da oraingoan, eta, beraz, hamabiko zerrenda horretan txertatu dute.
Aipatzeko nobedade bakarra; lau urtean behin gertatzen den moduan, otsailak 29 egun izango dituela oraingoan. 2024ak, beraz, egun bat gehiago izango du.
2024ko jaiegun ofizialen egutegia
· Urtarrilak 1 (Urteberri eguna).
· Urtarrilak 6 (Errege eguna).
· Martxoak 28 (Ostegun santua).
· Martxoak 29 (Ostiral santua).
· Apirilak 1 (Pazko astelehena).
· Maiatzak 1 (Langileen eguna).
· Uztailak 2 (Santixabel eguna), Usurbilgo udalerri mailako jaieguna.
· Uztailak 25 (Santiago eguna).
· Uztailak 2531 (San Inazio eguna), Gipuzkoa mailako jaieguna.
· Abuztuak 15 (Andra Mari eguna).
· Urriak 12 (Espainiako jai nazionala).
· Azaroak 1 (Domu Santu eguna).
· Abenduak 6 (Konstituzio eguna).
· Abenduak 25 (Eguberri eguna).