Ikasturte hasiera heldu zen irailarekin batera eta une horrekin, udako oporren amaiera, egunerokotasunera itzuli eta denboraldi berriari ekiteko garaia. Geure aisialdi tarterako ikastaro eskaintza zabalean matrikulatzeko aukera izan zen.
Tenperatura aski beroekin hasi genuen iraila, airearen kalitatea txartzeraino heldu zen giroa.
Uretan
Kirol hitzorduei dagokienean, Zubietan abiatu zen Endika Abril errebote txapelketaren edizio berria, hirurogeigarrena, etxekoen parte hartzearekin. Final laurdenetaraino heldu zen Zubieta. Artean, Kontxako Bandera jokoan zen Donostiako uretan; bi aginagar lehiatu ziren (Iñaki Errasti Ondarroarekin, Josu Ostolaza Oriorekin). Bigarren jardunaldi egunean, urte luzez egin duten moduan, erraustegia geratzea eskatu zuten ehunka lagunek Kontxako hondartzan egin zuten giza-katean. "Hondakinak murrizteko plan eraginkorrak behar ditugu", eskatu zuten.
Ur kontuez ari garela, "interes publikokotzat" jo zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Orbeldiko ur bizien kanalaren egitasmoa. "Biodibertsitatea berriz ere galtzaile, oraingoan Orbeldin", zioten Eguzki, Naturkon eta Anerreka eragileek. Jolas-erabileretarako ustiatzeko emakida-eskaera egin zuen Orbeldi Ur Bizi Kanala Elkarteak.
"Xumetik"
Iraileko bigarren hamabostaldia festa giroan joan zitzaigun; hasteko Santuenean, jendetsuak izan ziren festekin. Dastatze saio jendetsuak izan ziren, haurrentzako eskaintza oparoa izan zuten, gautxorientzako kontzertu gau ederrak... Asteburu haren amaieran, bertatik igaro ziren, 14. Baxurde Kroseko parte hartzaileak. Uda giroa izan zuten bidelagun haiek eta sasoi betean lasterka aritu zen belaunaldi gazteenak.
Iraila amaierara, Zumetaren frontoi atzeko muralaren 50. urtemugaren testuinguruan, Usurbilgo Kulturguneak antolaturiko "Xumetik" jaialdiaren eskutik heldu ginen. Goizean zehar, hainbat tailer antolatu zituzten; arratsaldean, herri sorkuntza bidelagun izan zuen "Usurbil Museo Irekia" bisita gidatu eta girotu berezia herrian barrena. Gauean, Zumetaren muralak hitza hartu zuen herri emanaldi ikusgarri eta hunkigarria eskaini zuten herriko artistek. Egun horretan, eta aurretik, bezperan, Zubietan, udan bertan grabatutako "Zumeta 23" film laburra estreinatu eta aurkeztu zuten jendaurrean. Beste bideoklip bat ere grabatu zuen iraila hasieran ETS musika taldeak urte amaierako EITB Maratoia elkartasun kanpainarako.
Festa giroan
Aginagarrek agurtu zuten hilabetea San Praixkuen hasierarekin; txupinazoa Iñaki Errasti arraunlariak jaurti zuen. Bera omendu zuten aginagarrek "erriotik barrena ur gainean gure izana eta izena itsasoratzeagatik". Hortik aurrera, uda giro beteko bi ospakizun asteburuan murgilarazi zuten herria, oilasko biltzaile, herri-afari eta bestelako ekintzekin.
Sortzaileak lanean
Herri sorkuntzari lotutako albiste gehiago; "Etxe bat" poesia errezitaldi musikatua eskaini zuten Donostiako Victoria Eugenian Yolanda Arrietak eta Peru Galbetek. Usurbil kide duen Udalbiltzak euskarazko sorkuntza sustatzeko abiarazitako 'Geuretik Sortuak' egitasmoaren bigarren edizioaren baitan, uztailean egonaldia egin zuen Iñaki Martiarena 'Mattin'-ek. Usurbilen giroturiko komiki literarioa landu zuen.
Azkenik, NOAUA! Kide duen Tokikom tokiko euskarazko hedabideen federazioak Gasteizko FesTVal jaialdiko EITB Saria eskuratu zuen.
Iraileko argitalpenak
Irailaren 8ko 960. NOAUA!
Irailaren 15eko 961. NOAUA!
Irailaren 22ko 962. NOAUA!
Irailaren 29ko 963. NOAUA!