2023ari gainbegiratua

Herria erriora gerturatu eta Baterajotzea ekarri zuen urriak

Noaua Aldizkaria 2023ko abe. 31a, 08:56

Aginagako jaiak, Baterajotzea, mobilizazioak, herri proiektu baten aurkezpena... Albisteez josia izan genuen urria.

Iraila agurtu bezala egin genion harrera urriari; Aginagako San Praixkuetan, herrikideen arteko herri-kiroletako lehia biziarekin, San Ferminetako entzierroetara eraman gintuen Haurren Eguneko ekintza arrakastatsuekin edota estreinakoz antolatu zuten Errioaren Egun ederrarekin. Herriak inoiz baino gehiago erriora hurbiltzeko aukera izan zuen, piragua gainean, arraunean edota alan. Aginagako Eskolaren Egunarekin ospakizun giroan jarraitu zuten urrian zehar.

Bi aste beranduago, udalerri honetako nahiz eskualdeko bideetan txoko ederretan barrena ibiltzeko aukera izan zen Buruntzaldeko Ibilbideen Egunean.

Baterajotze arrakastatsua
Usurbilen, Erosle Txikien Iraultza abiarazi zuen Hurbilago elkarteak herriko denda txikiei bultzada emateko. Horregatik, "guztiok bultza!" egitera deitu gintuen merkatarien eta ostalarien elkarteak, "bertakoa gal ez dadin".

Euskal Herri mailako topaketei ere harrera egin zien udalerri honek. Hain zuzen, Euskal Herriko Neska* Gazteek antolaturiko Baterajotzeari. Ehunka lagun bildu zituzten hiru egunez udalerri honetan egindako topaketek. "Jarrai dezagun feminismoan antolatu eta borrokatzen" deitu zuten, herrian barrena egin zuten manifestazio jendetsuaren ostean.

"Josevisky" saritua
Herri sorkuntzari dagokionean, Euskadi Literatura Sarien lehen hiru irabazleen berri eman zuten; haietako bat zen Joseba Larratxe, Ni ez naiz Mikel Laboa komikiarengatik. Hilabete beranduago jaso zuen saria.

Kultur albisteen hariari tiraka, Txokoalden 2. Akerra Eguna ospatu zuten, Kultur Asteburua bertako Erroizpe elkarteak. Sutegi udal liburutegiak Udazkena Liburutegian ziklo oparoari ekin zion.

Euskara helduen ahotan
Haurren aurrean helduek euskaraz aritzea sustatzeko "Haurren aurrean, helduok heldu" dinamika bideratu zen Euskal Herrian, baita Usurbilen ere Udalaren eta Udarregi ikastolaren eskutik, hamar egunez, helduen euskararen erabileran eragin eta haurrekiko hizkuntza eredugarritasuna bultzatzeko.

Ikastola aipatuta, Udarregi ikastolak Oreretako Kilometroak jaialdian egin zuten Erronka txapeldunorde izanda amaitu zuen.

Genozidioaren aurka
Palestinar herriaren aurka Israelek hasitako erasoaldi bortitzaren oihartzuna ere gure artera heldu zen. Usurbilgo Sortuk eta Ernaik deitutako elkarretaratzearen bidez aipatu herri hau bizitzen ari zena salatu zuten.

Mobilizazio gehiago. Kasu honetan, sektore publikoan lehenengo greba eguna deitu zuen gehiengo sindikalak. Usurbilen eragin zuzena izan zuen, hainbat zerbitzu publiko eten zituen eta.

Sarek, bestalde, urtarrileko Bilboko manifestaziora begirako "Konponbiderako Giltzak" manifestua aurkeztu zuen azken ostiraleko elkarretaratzean.

Usurbil Bizi
Urriko azken asteburu hau ekintzez betea izan genuen. Hasteko,  udal antolamendu berria aurkeztu zuten, datozen urteotarako herri proiektua Zumarten, askotariko herri eragile eta herrikideen aurrean. Misio hauetan oinarritua egongo dena hain zuzen: zaintza, "Udala Gertu", 650 Usurbil Bizi eta trantsizio ekosoziala.

Biharamunean, euskarazko literatura guztion eskura sarean jartzen diharduen Booktegi egitasmoaren jaialdia ospatu zen Zumarteko aipatu ganbaran bertan eta Sutegin.

Bertan behera
Izan zen, ordea, aurreikusia egon arren, eguraldia tarteko, bertan behera utzi behar izan zen ekimenik; Usurbil 1936 elkartearen "Andatza mendiko defentsa-lerroa" ibilbide antzeztua egiterik ez izan..

Txirikorda
Erraustegia ere hizpide izan genuen hilabete horretan. Ikertu gisa deklaratu zuen Eusko Jaurlaritzako ingurumen baimenen arduradunak. Eusko Legebiltzarreko batzorde batek erraustegia bisitatu zuen. Jose Ignacio Asensio judizialki ikertua izaten ari zela berri eman zuen GuraSOSek.

Udalbatzak ere hainbat erabaki hartu zituen urrian zehar egindako bi osoko bilkuretan; urte berrirako ordenantza fiskalak hasieraz onartu zuen. Txirikordaren obra kontratua suntsitzea erabaki zuen, eraikitze lanez arduratu behar zuen enpresak bere gain hartutako konpromisoak behin baino gehiagotan ez betetzeagatik. "Kontratu baten biktimak gara" adierazi zuten udal gobernu taldetik. Txirikordaren bizikidetza araudiari ere hasierako onarpena eman zioten. "Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat" egin zuten adierazpen bidez.


Urriko argitalpenak
Herrira Begira: "Udazken ufadak"
Urriaren 6ko 964. NOAUA!
Urriaren 13ko 965. NOAUA!
Urriaren 20ko 966. NOAUA!
Urriaren 27ko 967. NOAUA!