Azoken artean joan zitzaigun azaroa. Aitzaga elkarteak antolaturiko Artisau Azokarekin hasi genuen hilabetea; amaitu aldiz, lau urteko etenaldiaren ostean plazara itzuli zen Erle Egunarekin. Tartean, NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko Kulturaldia izan genuen, baita Usurbilgo jatorri aniztasuna plazaratzen duen Mundualdia ere. Udalerri hau herri harreragile izateko proiektua aurkeztu zuten; "HarEman" egitasmoa.
Palestinarrekin
Bonba hotsek etenik ez zuten izan Gazan azaroan. Bertan "Israel egiten ari den genozidioarekin amaitu behar da berehala" galdegi zuten udaletxe atarian Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak antolaturiko mobilizazioan. Euskal Herri osoan protesta eguna izan zen azaroaren 7a.
Protesta gehiago ere izan ziren. Hilabete hasieran, euskararekin bat egin zuten herrikideek, azkenaldiko oldarraldiaren aurrean. Azaroaren 12an Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek deituta milaka lagun batu zituzten Donostian Osakidetzako murrizketen aurka. Biharamunean, 2014tik izandako herri ordezkaritza zabalena erakarri zuen 58. Behobia Donostiak; 75 herrikideek parte hartu zuten.
Sorkuntza paperean eta kalean
Herri sorkuntzari dagokionez, Ixabel Agirresarobek eta Iñaki Martiarena "Mattinek" "Remigioren Udarregi txulotik" lana aurkeztu zuten. NOAUA! K.E.-ren Kulturaldiaren baitan, bestalde, Agirresarobek berak "Usurbil borobil errioan dabil" ipuina aurkeztu zuen.
Zumartek Santa Zezili "Musikalean" ospatu zuen ohi bezala kalejira batekin eta segidan, Sutegi goraino bete zuen kontzertuarekin. Emanaldia Julen Lejardi Araolazari eskaini zioten. Izan ere, urrian N634 errepidean izandako istripuan zendu zen gazteak samin handia eragin zuen Usurbilen. Hainbat eragile eta herrikideek babesa adierazi zieten senide eta lagunei.
Segida izan zuen, bestalde, Udazkena Liburutegian zikloak Sutegin. Antzezle helduen topaleku bilakatu zuen Gipuzkoako pentsiodunen elkarteek auditorioa. Txokoalden Kultur Asteburua antolatu zuen Txokoargik. Urbil ondoan kokatu zuten bestalde, Gure Zirkua. Ohi baino saio gehiago eskaini behar izan zituzten, haien bira amaiera arrakastatsua tarteko. "Ederra joan da egonaldia!", adierazi zuten zirkoko kideek haien agurrean.
Urtemuga
Beste egun seinalatu bat, azaroaren 25a izan zen; Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna. "Sistematikoa den indarkeria baten aurrean bizi gara" salatu zuen Kafe Tertuliak elkarretaratze bidez Mikel Laboa plazan.
Egun berean, xiberotarrak bisitan izan genituen. Izan ere, aurten 50 urte bete dituzte hango ikastolek eta 20, ikastolok laguntzeko urte garai honetan Ikaskolik abiarazitako otarren kanpainak. Urtemuga hauen bueltan usurbildarren eta xiberotarren hamarkada luzeetako hartuemana omentzeko kantu-jira berezia eta emanaldia antolatu zuten Sutegin Nafartarrak taldekoek. Hilabete hasieran, ekitaldi zikloa.
Zaintza eskubide kolektiboaren alde
Eta greban agurtu genuen azaroa. Euskal Herriko Mugimendu Feministak zaintza eskubide kolektiboaren alde antolaturiko greba feminista orokorrarekin. Zaintza sistema errotik orain aldatzea galdegin zuten, Usurbilgo greba batzorde mistoak egun horretarako antolatu zituen ekimenetan.
Aurrekontuak lantzen
Udal gobernu taldea urte amaiera honetan hasieraz onarturiko 2024ko udal aurrekontu proposamena Usurbilgo auzo eta herrietan aurkezten aritu zen, tokian tokiko ekarpenak biltzearekin batera.
Erraustegiaren gaia, Batzar Nagusietan
Erraustegia geratzea lortu zenetik hamar urte bete ziren hilabete honetan, GuraSOSek eta Jose Ignacio Asensiok azalpenak eman zituzten Gipuzkoako Batzar Nagusietan Zubietako plantaren funtzionamenduaren inguruan. Erraustegiari buruzko kanpo-auditoretza eta elkarrizketa mahaia osatzea galdegin zuen GuraSOSek. Artean, ikertua izaten ari ote zen, horren aurrean Asensiok erantzun zuenez, “Ez dut epaitegietatik inongo zitazio ofizialik jaso, beraz, zuek aipatutako gertaeren xehetasunen berri ez dut”.
Azaroko argitalpenak
Azaroaren 3ko 968. NOAUA!
Azaroaren 10eko 969. NOAUA!
Azaroaren 17ko 970. NOAUA!
Azaroaren 24ko 971. NOAUA!