2023ari gainbegiratua

Gabon giro beteko ospakizunak nagusi urte amaieran

Noaua Aldizkaria 2023ko abe. 31a, 08:46

Gabon giro kutsuko hitzordu eta albisteak nagusitu zaizkigu urte amaiera honetan.

Euskararen aurkako oldarraldi nabarmena bizi izan dugun urte honetan, geure hizkuntzari gorazarre eginez hasi zuten abendua Aginagan, Euskararen Gala ospetsuarekin. Udarregi ikastolak jolasean eta kantuan plazaratu zuen euskara, Mikel Laboa hil zela 15 urte bete ziren egun berean. Sortzaile ezaguna bere musika ondarearen bidez oroitu zuen Udalak.

Azokaz azoka
Azaroaren antzera, azoken hilabetea izaten dugu abendua ere. Hurbilagoren Udazkeneko Azokarekin ekin genion abenduari. Urteko azken egun honetan banatuko diren 650 Usurbil Bizi Otarra aurkeztu zuten.

Hilabeteko bigarren hamabostaldian gabon giroko ospakizunetan murgilarazi zigun aipatu elkarteak berak. Eguberriak piztu zizkigun bere ohiko argidun etxeekin. NOAUA! K.E.-ren San Tomas azokak, aldiz, postu, jan-edan eta herrian ekoitzitako sagardo nahiz babarrun txapelketekin. Egungo talogileen azken laneguna izan zen.

Azken hitzorduak
Urteko azken ikuskizunen lekuko izan gara hilabete honetan; Orbeldik "Bihotz dantza begietan" emanaldiarekin agurtu zuen 2023a, kantu-afari berezi baten bueltan Kantu Taldeak. Aginagan, talo jan ederrarekin, eskolakoak gabon kantak abesten, eta, azkenik, Olentzerori harrera eginez.

Zumarte musika eskolak Eguneko Zentroko eta Eguneko Arreta Zerbitzuetako erabiltzaileekin batera gabon kantak abesten. Haiei eta Egurtzegi zaintzadun etxebizitzen auzune berriko bizilagunei abesten aritu ziren, bestalde, Udarregi ikastolakoak abenduaren 20an. Gabon giroa herrira zabaldu zuten HH, LH eta DBHkoak kantari jarri zituen kalejiren bidez. Gauza bera egin zuen bi egun beranduago Zubietako eskolak ere. Ezohiko egunak bizi zituzten; astebete lehenago zendu zen guraso elkarteko eragile nagusietakoa zen Aitziber Ugartemendia.

Oporraldian aspertzeko tarterik ez
Handik gertu, Santuenean ere urte garai honetarako hainbat ekintza egin dituzte asteotan; azoka girotua, San Tomas eguneko ospakizuna edota Olentzerori duela astebete emandako ongi etorria.

Etxeko txikienak oporretan dira asteotan eta ez dute ekintza faltarik; Udalak Kiroldegian zabaldutako Gabonetako Haur Parkea, Gaztelekuak Donostiako Txuri Urdinera antolatutako irteerak edota herriko kirol taldeek antolatutako topaketa bereziak. Usurbil FT-k alebinen lehen urteko futbol taldeen arteko Harane Txapelketa egin du aste honetan; Usurbil K.E.k Mirotzen omeneko infantilen arteko eskubaloi txapelketa.

Aurrekontuak prest
Udalak, urte berrirako udal aurrekontuak kontrako bozkarik gabe hasieraz onartuta agurtu du aurtengo jarduna, 2024ko Ordenantza Fiskalak behin betiko onartuta, datorren urtean 1,1 milioi euro laguntzetara bideratuko dituztela erabakita, "Udalsarea 2023" udalerri jasangarrien sarean sartuta edota Eusko Jaurlaritzari 1080 euroko gutxieneko pentsioa berma dezala eskatuta.

Hilabete hasieran, Mugiment kirol txartela indarrean sartu zela berri eman eta Euskarazko Produktuen Katalogoa kaleratu zuen Udalak, 25. alea. Trantsizio ekosoziala definitzeko lanketari ekin zioten baita. Azterketa garairako ikasgela zabaldu zuen aldi baterako, bestalde, DYAk Munalurran duen egoitzan.

Greba eguna ere izan zuten udal langileek abenduaren 19an; gehiengo sindikalak sektore publikoan deitua zen grebarekin bat egin zuten.

Kontsumo eredua auzitan
Usurbilgo gazte mugimenduak egungo kontsumo eredua auzitan jarri dituen topaketekin agurtu du urtea. Sarek urte berriaren hasieran Bilbon iragarria den manifestaziora joateko gonbita eginda. Eta atari honetako edukia aurrerantzean testuak irakurri soilik ez, entzungai ere jarrita.

Sorkuntzaren hariak etenik ez
Herri sorkuntzari lotutako albiste faltarik ez dugu izan urte amaiera honetan. Usurbilgo ordezkaritza zabala izan genuen Durangoko Azokan. "Pause" Usurbilen grabatutako laburmetraia aurkeztu zuten Sutegin. Kultur-etxeko auditorioan bertan, Joseba Sarrionandia kide zuen literatura emanaldi musikatu berezia eskaini zuten.

"Gazte, arraro, errebelde" Iñurri (Min)biziaren aurkako podcasta aurkeztu zuen Iñurri elkarteak gune berean. Ainara Azpiazu "Axpik" Azkonar protagonista zuen ipuina NOAUA!rentzat.

Zubietatik...
Erraustegitik urteko azken albistea jaso genuen baita; "Zubietako erraustegiak Artaxoako konpostaje-plantara eramandako hondakinen benetako izaera ezkutatzen du", salatu berri du GuraSOSek.


Abenduko argitalpenak
Herrira Begira: "Haurtzaroa oroituz"
Abenduaren 1eko 972. NOAUA!
Abenduaren 15eko 973. NOAUA!
Abenduaren 22ko 974. NOAUA!
Gabonetako gehigarria