Gabonak 2023

Usurbilgo 29 ekoizle edota sortzaileek eta 17 saltokiek parte hartu dute gabonetako otarren egitasmoan

Noaua Aldizkaria 2023ko abe. 31a, 14:22

Herria batu du bigarren urtez jarraian, igande eguerdi honetan Usurbilgo frontoian banatu diren 650 Usurbil Bizi gabonetako otarren ekitaldiak.

Izan ere, parte hartzaileak, sustatzaileak, antolatzaileak batu ditu. Hitzordu honetan ziren egitasmo honen sustatzaile nagusiak; Hurbilago elkartea, Usurbilgo Udala eta Usurbilgo Kulturgunea. Haiekin 102 otarrak herri ekoizpenez hornitzeko ekarpena egin duten herriko ekoizle eta sortzaileak, 29 guztira.

Haiekin baita, ekoitzi edo sortutakoa herritarren esku jartzeko egin den zozketan parte hartu duten Usurbilgo 17 saltokiak. Eta nola ez, denda horietan guztietan azken asteotan erosketak egin dituztenen truke, saski hauen zozketarako txartelak eskuratu eta saria egokitu zaienak. Bistan denez, hitz gutxitan, hizki larriz nabarmendu daiteke; honako hau, herri egitasmo argi eta garbia izan da.

Halaxe azaldu dute urteko azken egun honetan frontoian egin den ekitaldiko aurkezle Aitor eta Ugaitz Agirre anaiek. "Ekimen hau Usurbilgo ekoizle eta kultur sortzaileen lanak herrian ezagutarazi eta herriko dendetan kontsumitzea butzatzen duen ekimena da. Ekimen hau Usurbilgo Udalak, Kulturguneak eta Hurbilagok antolatzen dute". Egitasmo hau gauzatzea ahalbidetu duten guztiei zuzendutako eskertza ekitaldia ere izan da gaurkoa.

Prozesu parte hartzailea
Gaurko ekitaldia egin ahal izateko prestaketa lanak askoz lehenagotik hasi zituzten. Azaroa hasieran, ekoizleei nahiz sortzaileei otar hauek herri ekoizpenez hornitzeko haien lanak eskaintzera deitu zituzten. Ekimenaren antolatzaileek jasotakoa aztertu ostean aurkeztutako proposamenei baiezkoa eman zieten gero.

Gogoan izango duzue, hilabete hasieran, abenduaren 3an Hurbilagoren Udazkeneko Azokan aurkeztu zuten aurtengo 650 Usurbil Bizi otarra. Eta biharamunetik hasita atzora arte, abenduaren 30era arte, Usurbilgo hamazazpi saltokietan erosketak egitearen truke gaur banatu diren otarren zozketarako txartelak eskura zitezkeen.

Ekoizleak
650 Usurbil Bizi otarrak (102 guztira) herri ekoizpenez hornitzeko Usurbilgo ekoizle eta sortzaileok parte hartu dute egitasmo honetan. Honako hauek hain zuzen: Jurgi Fuentesen artisau lanak, Elhuyar Aldizkaria, Andoni Arzallus (txalaparta makilak), Osto eta Aleren diskoa, Jakoba Errekondoren liburuak, Maider Alzagaren arropa, Rukularen disko eta biniloak, Yolanda Arrietaren liburuak, Usurbilgo sagastiak egindako sagar dultzea, Viafara eta Ameba taldeen diskoak, Ione Iruretagoienak diseinatutako kamisetak eta poltsak, Ixabel Agirresaroberen liburuak, Joseba Tapiaren diskoak, Saizarko sagardoa, Neonaren diskoak, Arkaitz Portularrumeren babarrunak, Odolaren Mintzoaren kamisetak, Maddi Noriegaren Mimoz Koadernaketa, Arrillaga Txiki baserriko barazkiak, Aialde Berriko sagardoa, Iñorkinak eta Mihise taldeen diskoak, Edorta Agirreren liburuak, Sari Frutak, Basatxerriren urdaiazpikoa, Lumagorriren oilaskoak, Iruin eta Urdairako sagardoa.

Saltokiak
Herri egitasmo honetan, zozketarako txartelak herritarren eskura jartzen aritu diren saltokiak honako hauek dituzue: Aizpurua okindegia, Alkartasuna baserritarren kooperatiba, Ane ile-apaindegia, Arruti harategia, Artzabal baserri-jatetxea, Enar estetika, Esnaola janari-denda, Intza ile-apaindegia, Iratze natur-denda, Laukote okindegia, Laurok liburu-denda, Lizardi liburu-denda, Lurda mertzeria, Ni ile-apaindegia, Opil-Goxo, Otar-Goxo eta Usurbilgo Optika.