650 Usurbil Bizi gabonetako otarren egitasmoan gogotsu parte hartu duten eragileek ere hitza hartu dute, saskiok banatzeko igande eguerdi honetan frontoian egin duten ekitaldian. "Hemen gaude egiten ari garen guztiok", zioen Yolanda Arrieta Malaxetxebarriak. "Bata ez da bestea baino gehiago, egunero asmatu egin behar delako ez bakarrik letrekin, baita ere letxuga, tomate, arropa eta edozerrekin". Herri egitasmo honen balioa goraipatu nahi izan du. "Polita da erakusgarri egiten duelako eta erakusgarri egiterakoan balioa ematen zaiolako egiteari. Eta egite hori gero, partekatu eta saldu egin behar da".
Egin eta partekatze horri begira, gaineratu duenez, "ondo dago behintzat jakitea herrian bertan, hain herri txiki- ertaina izanda, zenbat jende dagoen gauzak egiten. Hori iruditzen zait denontzako dela ona. Askotan urrutira joaten gara gauzen bila, ia-ia dena gertu dagoenean".
Udarregikoek prestaturiko saskiak
Atzo zozketatu eta gaur banatu dituzten 102 otarrak produktuez hornitzeko lanetan jardun dute iaz bezala, Udarregi ikastolako DBH4ko ikasleek. Haien guztien izenean hartu dute hitza Norak eta Iñigok. Zereginon truke, ikasturte amaieran egitekoak diren bidaiarako laguntzatxoa jasoko dute. "Udalak aukera hau eman zigun eta ezin genion ezetz esan", adierazi dute.
Ez da aipatu bidaiarako eskuratu duten finantziazio iturri bakarra. "Urtero bezala, tortillen salmenta egiten dugu ostiralero jolasgaraian, hainbat azoketan gozogintzako produktuak saldu ditugu eta errifak ere bai. Horrez gain, gaur gure ikaskide batzuk Hurbilago San Silbestre herri lasterketan laguntzaile bezala parte hartuko dute. Kamisetak edo jertseak ere egin asmo ditugu aurrerantzean", iragarri dute.
"Parte hartzea ezinbestekotzat ikusten genuen"
Herri egitasmo honen sustatzaile nagusiak Usurbilgo Udala eta Hurbilago elkartea izan dira, Usurbilgo Kulturgunearekin batera. Egitasmoaren berri izanda, ez zuten zalantzarik izan Kulturgunekoek. "Kulturgunearen izaeran dagoen ekimen bat da. Kulturgunearen oinarrietako bat, euskal kulturzaleak sortzea da, tokiko kultur sortzaileak bultzatzea. Horregatik, ekimen hau bultzatzea eta bertan parte hartzea ezinbestekotzat ikusten genuen. Aurten, bigarren urtea izan da eta espero dugu beste hainbat izatea", adierazi du Kulturguneko kide Luken Arkarazok.