Bizi asko, nahieran jantzita eta festa giro betean agurtu dute urtea ehunka herrikideek, igande arratsalde honetan egin duten Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketan. 16:30ak jota frontoia lasterkariz betea zen, hitzordua hasteko irrikitan eta urduri. Beroketa ariketak egin eta ordu erdi beranduago udaltzaina motor gainean buru zuen lasterketako parte hartzaileak Sutegi paretik abiatu dira; banaka, bikoteka, koadrilan, familian edo mozorrotuta. Haur, gazte nahiz heldu, haien onena eman dute denek, herri merkataritzaren eta ostalaritzaren alde egin den lasterketak.
Izan ere, Hurbilago elkarteak antolaturiko ekimen honek saltoki eta ostalaritza establezimendu gehien biltzen dituen herri erdiguneko eremuari bi itzuli ematen dizkio, eta halaxe izan da aurten ere. Usurbilgo herri lasterketak sektore hau babestearen aldeko aldarrian bilakatzen dute parte hartzaileek.
Bidelagunik ez dute falta izaten gainera; kale eta plaza txoko guztietan lasterketan atera ez diren gainerako herrikideen animu eta txalo zaparrada. Frontoitik abiatu bezala heldu dira lasterkariak; irribar batekin ahoan, festa giroan eta erronka beteta pozik.