Herri merkataritzari eta ostalaritzari atxikimendua adierazteak saria dakar Usurbilen, urtean hainbat eta hainbat alditan. Ziurrenik, halere, urte amaiera izaten da garairik oparoena. Igande honetan bizitakoa adibide ezinhobea izan dugu. Eguerdian, bezperan zozketatutako 650 Usurbil Bizi otarrak banatu dituzte Kulturgunearekin eta Udalarekin batera, Hurbilago Usurbilgo merkatarien eta ostalarien elkarteko kideek; 102 otar guztira!
Bilgunearen eskuzabaltasuna ez da hor amaitu; sektore honekiko atxikimendua, babesa adierazteak ere saria izan du arratsaldeko Hurbilago San Silbeste herri lasterketan parte hartu dutenen artean. Hitzordurako izena emana zuten ehunka herrikideen artean, berrogeitik gora lagun saritu ditu ostalarien eta merkatarien elkarteak, lasterketa amaieran. Segidan dituzue haietako hainbat lagun irudiotan; tartean, antolakuntzak iragarria zuen moduan, mozorrotuta parte hartu duten lasterkarien artean, jantzi onena saritu asmo zuten. Deitzaileek aho batez hartu dute erabakia; argi zuten. Bonboi marka ezagun batez mozorrotua zegoen koadrila saritu dute.