Haur eta gaztetxoen nahiz hainbat helduren azken opor egunotarako iragarri dira urte garai honetako azken hitzorduak; Gaztelekutik Donostiako Txuri Urdinera bigarren eta azken txangoa, edota erregeei harrera egiteko Ziortza gazte elkarteak urtarrilaren 5erako iragarri dituen ekimenak.
Haurrei zuzenduriko azken hitzordua, halere, igandean izango da; izan ere, urtarrilean bai, hilabeteko lehen igandeetara itzuliko baita Ziortzak berak eta Usurbilgo Udalak lankidetzan antolatzen duten negu parteko euskarazko zine zikloa. Datorren proiekzioa hilaren 7an izango da, beraz; “Rabbit Academy: pazko arrautzen lapurreta handia” proiektatuko dute arratsaldeko 17:00etan hasita Sutegin. Bitxikeria moduan, sarrerak ohi bezala usurbilkultura.eus plataforman eskuratu ahalko dituzue, baina 20 xentimo garestiago, urte berriarekin batera indarrean izango diren ordenantza fiskalak tarteko. Aurrerantzean 3,20 eurotan eskuratu ahalko dira txartelok.
"Artxibo biluzia": tailerra eta emanaldia
Urtarrilaren 8an itzuliko dira ikasgeletara haur eta gazteak. Hortik aurrera, urtarrileko ohiko barealdia itzuliko da, baina izango dira halere, zenbait hitzordu hurrengo asteetan. Hasteko urteurren bat; Joxan Artze hil zela sei urte beteko dira urtarrilaren 12an eta egun horretan, sortzaile usurbildarra oroitzeko aukera izango da Sutegi udal liburutegian eskura jarriko duten Erregistro Liburuaren bidez.
Asteburu horretan, Torrealdai Bekaren baitan Metrokoadroka kolektiboak ondutako "Artxibo biluzia" proiektua izango dugu hizpide. Gogoan izango duzuenez, aurreestreinalia eskaini zuten udazken partean. Hilaren 13rako tailerra iragarri dute. "Zer istorio nahi zenuke historiara pasatzea?". Parte hartzaile bakoitzak kontatu nahi duen istorio baten inguruko tailerra, istorioei loturiko dokumentuetatik abiatuta. Performancea eta literatur idazketa uztartzen dituen tailerra" antolatu dute. Adi, urtarrilaren 8a baino lehen eman beharko da izena usurbilkultura.eus plataforman.
Gune berean eskuratu ahalko dira baita, biharamunean, urtarrilaren 14an eskainitako duten konferentzia performatiborako eta antzerkirako gonbidapenak ere.
Liburu aurkezpena eta Booktegiren hitzordua
Sorkuntzari lotutako deialdi gehiago; batetik, gogoan izan, urtarrilaren 8ra arte ikusgai izango duzue 2023an alor honetako Usurbilgo uzta Sutegiko erakusleihoan, udal liburutegiaren eskutik.
Liburutegiak berak, hilabete honetarako deitu du baita 2024ko lehenengo solasaldia; heriotza eta dolua hizpide duen "Azken galdera amari" ipuina aurkeztuko du bere egile Manex Beristainek.
Azkenik, urrian egin zen Booktegi jaialdiaren baitan bertan behera utzi behar izan zuten hitzorduetako bat urte hasiera honetan eskainiko da, hilaren 21ean; "Soneto bat irakurtzeko 20 modu" emanaldia, Harkaitz Canorekin, Beñat Barandiaranekin eta Maite Larbururekin. Sarrerak online eskuratu ahalko dituzuen usurbilkultura.eus plataforman.
Ikasturte berria
Urtarrileko azken asteburuan, hilerokoak ditugun bi hitzordu bueltan; Sarek deitutako elkarretaratzea urtarrilaren 26an eta kantu-jira hilaren 27an. Bi hitzorduon antolatzaileek aurrez deialdi gehiago eginak dituzte. Sarek urtarrilaren 13rako Bilbon deitua duen manifestaziora joateko autobus zerbitzua antolatu du Usurbilen. Dagoeneko izen-emateko aukera duzue ohiko tokietan.
Kantu-jiraren aurretik, bestalde, Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak ikasturte berria abiaraziko du urtarrilaren 15ean eta hortik aurrera, astelehenero 18:00etan bilduko dira Agerialdeko musika gelan.
Bi hilean behin izaten den beste hitzordua ere gogora ekarri beharra dago; odol-ematearena. Urtarrilean egokituko da hurrengo saioa, baina ohi baino beranduago; lehenengo astelehenean ez, hirugarrenean, urtarrilaren 15ean baizik.
Eta azkena, hau, urtero, urtarrileko azken igandean izaten duguna; Irisasi BTT Hotzak Akabatzen, hilaren 28an. Ehunka lagun abiatuko dira bizikleta gainean Andatzari itzulia ematera. Izen-ematea zabalik izango duzue asteotan kronoak.com atarian.
Sortalderen aurkezpena
Etorkizunera begira ere jarriko da udalerri hau, 2024. urte hasiera honetan; Usurbilgo Energia Berriztagarrien Komunitatea jendaurrean aurkeztuko dute urtarrilaren 24an. Izena ere jarri diote dagoeneko; Sortalde.
Hitzordu hauei guztiei buruzko informazio gehiago web orrialde honetako "Agenda" atalean eta usurbilkultura.eus plataforman eskuratu ahalko duzue.