Neguko ospakizunak lehenbizi
Amaitzear diren eguberrien eskutik, negu giro betean murgilduko gara. Baina ez da faltako urte garai honetarako ospakizunik. Hasteko, txotx bolada berria estreinatuko da laster. Urtarrilaren 20ko Donostia Egunaren bezperan, danbor hotsen oihartzuna geure ingurura helduko da. Otsailean, hilaren 4a Santa Ageda bezpera izango da eta aurten, segidan, goiztiar datoz inauteriak; Usurbilen otsailaren 10ean ospatuko dugu mozorro festa handia.
Urteko bigarren hilabetea amaitzeko NOAUA! K.E.-ren Kulturaldiaz gozatzeko aukera izango da. Aurrerantzean azaroan ez, otsailean izango da kultur ziklo hau.
Negua, lasterka bizian agurtzeko aukera izango dugu. Izan ere, martxoaren 14an Irunen eta hasi hilaren 24an Baionan amaituko da, euskararen aldeko 23. Korrika. Edizio hau geure inguruetatik ze egun eta ordutan igaroko den urte berriko lehen asteotan zehaztuko dute antolatzaileek.
Korrikaren aurretik, Martxoaren 8a bueltan izango da aldez aurretik. Eta hilabete horretan, Usurbilen baita, Zumarteren Soinurbil musika astea.
Udaberrian...
Musikatik dantzara, Orbeldiren Dantza Eguna apirila amaieran izango dugu. Maiatzean, Txalaparta Egunaren edizioa zehaztu zain, ohikoak ditugun gainerako ospakizunak bueltan izango ditugu; Andatza, San Ixidro eta Sagardo Egunak. Haiek bide emango diete ikasturte amaieran izaten ditugun ekitaldiei eta hauek Usurbilgo auzo eta herrietako festei; Kalezarko San Joanak hasteko, Usurbilgo festak uztaila hasieran, hilabete bera amaitzeko Zubietako Herri Jaiak, abuztua hasteko Xanistebanak Urdaiagan eta Atxegaldekoak abuztu amaieran. Irailean Santuenekoen txanda izango da eta amaitzeko, urria hasieran Aginagako San Praixkuak.
Udazken partean, azken hilabeteotan izan ditugun ekimenak errepikatzen badira, bueltan izango ditugu Booktegi jaialdia, azaroko Artisau Azoka eta Erle Eguna eta abenduko Hurbilagoren Udazkeneko Azoka, NOAUA! K.E.-ren San Tomas azoka eta harekin, urte amaiera honetan izan ditugun gabon giroko hitzorduak.
Kirol hitzorduak
Herriko kirol taldeak eta kirolariak albiste izango ditugu ziur urte berri honetan ere. Momentuz, alor honetako hitzorduei begira, eguna finkatua duen bakarra urtarrila amaieran izango dugun Irisasi BTT Hotzak Akabatzen ekimena izango da hilaren 28an. Beste bi lasterketa ere izaten ditugu; ekaina partean, Uxue Trail lasterketa solidarioa eta irailean Baxurde Krosa.
Hauteskundeak
Bitan hartu ahalko dugu hitza 2024an hautetsontzietan; argitzeke dagoena da oraindik, ea bi hauteskundeok egun berean izango dira ala ez. Abiatu berri dugun urte berri honetan Eusko Legebiltzarrerako, eta beraz, Eusko Jaurlaritza eta lehendakari berria hautatzeko hauteskundeak izango ditugu. Azkenekoak, 2020ko osasun krisialdia tarteko urte hartako apiriletik uztailera atzeratu ziren. Uda aurretik izango dira, beraz 2024koak.
Aipatu moduan, data zehazteke dago oraindik halere. Bigarren hauteskunde deialdi bat ere izango da; bost urtean behin egokitzen dena, Europako Parlamenturako bozketa eguna. Deialdi honen data, ordea bai, finkatua dago, ekainaren 9an izango dira hauteskundeok.