Giro eder askoa, eguzkitsu esnatu zen urte berria astelehen honetan. 2024ari harrera egiten egongo ziren oraindik bat baino gehiago parranda giroan, etxeratu ezinik, beste batzuk etxera bidean edo oheratu berriak izango ziren. Baina egunari goizean goizetik ekitea erabaki zuenik ere izan zen, albiste honi atxikitako irudikoen antzera.
Urte berria mendi buelta egin eta tontorretik ongi etorria emanez hastea Euskal Herrian ondo errotutako ohitura dugu, baita Usurbilen ere. Azken urteotako ohitura berritu zuen ondoko herrikide taldeak urtarrileko lehen egunean. Giro eguzkitsua bidelagun, Andatzara igo ziren. Hantxe, borda parean atera zuten ondoko talde argazkia. Topa egin eta bistan denez, unea trikiti giroak ere alaitu zuen.