Hamarkada bat igaro da ordutik. Hamar urte bete berri dira herri honek Jon Uribe Navarro, Jontxu ahaztezina agurtu zuenetik. Bere heriotza ez zen inolaz ere oharkabean igaro. Hala jaso zuen hedabide honek 2014. urte hasieran. "Hunkigarria izan da egunotan Usurbilen bizitakoa. Gutxitan ikusiko da, herritar batek hainbesteko jendetza biltzea bere azken agurrean. Hainbesteko zirrara eragitea, kalean, sare sozialetan, herrian… Usurbilen eta usurbildarren artean a zer nolako hutsunea utzi duen. Eta bere heriotzak herritarrak nola hunkitu dituen izugarria izan da".
Hil eta egun gutxira txoko propioa eraiki zioten Sutegi atarian. "Irribarrea hire borroka, besarkada hire iraultza, hi gure eredu. Eskerrik asko Jontxu". Hitzok, eta pozik asko, lagunez inguratua ageri zaigun irudi batean ageri zen Jon, bere omenez, 2014ko urtarrilaren 4an Sutegi atarian jarri zuten mural batean", jaso zuen NOAUA!k duela hamar urte.
Mural hura, Jontxuren senide, lagun eta herrikideek eraiki zuten. "Zatika, mimo handiz osatu zuten senide eta lagunek, Irazu kalean ikusgai dagoen irudia. Hunkigarria izan zen murala osatzen amaitu zuten unea. Azken horma irudi zatia etxera itzuli berria zen Jonen anaia Ramonek jarri baitzuen, bertaraturikoen txalo artean".
Jontxuren aldeko denetariko oroimen mezuak zabaldu ziren egun haietan. "Maitasun mezu zaparrada" jaso zuela adierazi zuen NOAUA!k garai hartan.
"Pertsona gutxik dutelako herri oso baten maitasuna eta miresmena lortzeko abilezia! Gero arte Jon!, "Jontxu ez zaitugu ahaztuko", "Beti egongo zara gure bihotzetan Jontxu!", "Jon beti gure bihotzean!", "Izar handi bat piztu zaigu zeruan. Beti egongo zara gure bihotzetan Jon!"... Uriberen omeneko mezuak zenbaezinak dira egunotan. Jonentzako hitzak, baita senideentzako animuak ere. "Beti egongo zara usurbildarron bihotzetan Jon! Animo asko familia osoari!".
Ilobak
Nola lainoak menditik,
joan zara gure artetik
soinurik gabe,
baimenik gabe...
Maite zaituen lurretik.
Mila esker ta ez adiorik
Jontxu iloben partetik.
Udarregi Ikastola
Bazoaz gugandik,
Urte Berriaren
lehen txinpartaz!
Gure artean izango
zara betiko!
Udaletxeko langileak
Udaletxeko leihoak daude
triste, ilun eta malkoz.
Gure artetik Jon joan zara
ustekabean, betikoz.
Zu izan zara urte hauetan
dena ona, dena bihotz.
Gure gogoan egongo zara
beti alai ta beti poz.
Kalezarko Jai Batzordea
Handia zinen gure artean,
lanean eta laguntasunean.
Handia zinen
gure bihotzean
eta handia zara
gure oroimenean.
Auzotarrok sekula
ez zaitugu ahaztuko.
Gureak
Beti gogoan izango zaitugu.
83-85 urte artean jaiotako lagun koadrila
Inork nahi edo espero gabe,
gaur bapatean joan haiz
Euskal Herri osoan,
ezagun hitzen, bai
Hi hitzen guztion lagun,
gu guztion anai
Bihotz haundi horrekin
biguntze huen nornahi
Beti hain zintzo eta,
bizitzan hain alai
Hire islada utzi duk
guztiongan ta non nahi
Askeetan askeena,
beti pozez egon haiz
Izan hadi ba aske ta
zoriontsu,
lehen bezela orain.
"Jontxuri biyotzez"
Inork nahi ez arren
agurtu gabe, joan zara lagun
baina zure irria
ta maitasuna ez daude urrun.
Berriz ikusiko gara bai
hemen, han edo beste nonahi.
Zu gabeko bizitzarik
nik ez dut nahi!!!
Jon betirako,
zaitut gordeko nire bihotzean
Beti izango dut,
irrifar bat zu oroitzean.
Ze ondo pasatu degun
gau eta egun kontzertu bakoitzean.
Ze goxo eta bereziak
izan diren guztiak,
zu izanik aurrean
Berriz ikusiko gara bai
hemen, han edo beste nonahi.
Zu gabeko bizitzarik
nik ez dut nahi!!!
Jon betirako,
zaitut gordeko nire bihotzean
Beti izango dut,
irrifar bat zu oroitzean.
Jon betirako,
zaitut gordeko nire bihotzean
Beti izango dut,
irrifar bat zu oroitzean.
Egilea: Ixak Arruti.
Esker mila Usurbil!
Egun gutxitan pozaren pozez egotetik, Ramon etxean zegoela eta, tristura gogorrenera pasatu gara. Bai batean eta bestean ordea, herriaren berotasuna sentitu dugu. Zorte handia dugu Usurbilgo herritarrez inguratuta egotean, ze jende jatorra zareten! Zuei esker une latz hauek samurragoak izaten ari dira. Mila esker zuen besarkadengatik, loreengatik, hitzengatik, poemengatik, argazkiengatik, bertsoengatik, kantengatik, muxuengatik, gure ondoan egoteagatik eta egon ezin izan duzuenongatik… Benetan harro gaudela herri honetaz! Ezin izango ditugu maitasun keinu hauek inoiz ahaztu, bihotz bihotzez muxu bana zuei!
Urtarrilaren bian hain justu
ez da gertatzen urtero…
Gure artean ibili dena
irrifartsu, parrandero.
Agurtzen jakin duzue denok
malkoz, goxo, jator, bero…
Eskerrik asko Usurbilmaite
ta poza zuengan bego.
Jon zoriontsu litzakelako
gurekin baldin balego!
Doinua: Benito Lertxundiren “Itsasoari begira”.
Oharra: urtarrilaren 4ko bertso musikatuen saioan, Jontxuren omenez abestua.
Jontxuren familia
Oroitze urtemugak
Hil berritan soilik ez, gerora ere gogoan hartu izan dute Jontxu. Urtero esekitzen du Kalezarko Jai Batzordeak San Juanetako festen plazan, "Edonon egonda ere, San Juanetako su eta jabe!" dioen pankarta handia bere irudiarekin.
Bi urtemuga borobiletan ere Uribe oroitzeko egunak antolatu zituzten. Lehenengoa, Jontxu zendu eta urtebetera, 2015. urteko urtarrila hasieran; jolasak, poteo musikatua, bazkaria egin zuten ikastolan eta ondoren omenaldia eta herriko taldeen kontzertuak Askatasuna plazan.
2019ko otsailean, juxtu Jontxu zendu zela bost urte bete zirenean bere oroimenari bizirik eusten dioten lagun talde anitz eta jendetsua batu zuen Kalezarren bertako Jai Batzordeak.
Ehunetik gora senide eta lagun bildu zituen Jontxuk, gazte kalezartarrari egindako omenaldiaren baitan, Saizar Sagardotegian ospaturiko bertso-bazkarian. Eli Pagolak eta Beñat Gaztelumendik eskainitako bertso saio ederra eta Saizarrek sukaldatutako sagardotegiko menuarekin gozarazi zuten bertaratu den lagun koadrila handia. Aurretik, goizean herri kirolak egin zituzten eta Haraneko aparkalekua Jontxuren omenaldi gune erraldoian bilakatu zuten iluntzean. Oholtza gainean, Jontxuren aspaldiko lagun musikariak batu ziren; Rukula, Mendeku Itxua, Desegin, Izeberg, Eskean Kristo, Hotzikara, Odolaren Mintzoa.. Haien lokaletako entseguak, kontzertuak, lurte luzez gertutik jarraitu zituen Jontxuk.