Urte berriko lehenengo kirol hitzordu nagusia ate joka datorkigu. Izan ere, urtarrilaren 28rako antolatu dute Irisasi BTT Hotzak Akabatzen ekimena. Goiz horretan, 9:00etan abiatuko dira Mikel Laboa plazatik, Andatzari mendiko bizikleta gainean itzulia ematea ahalbidetzen duen probako parte hartzaileak.
Gogoan izan, izena kronoak.com atarian eman daiteke urtarrilaren 24ra arte 25 euroren truke. Adi, 500 lagunentzako lekua egongo da. Antolatzaileek ohartarazi duten moduan, "urtero 500 izen-emateetara heltzen gara, beraz, ez itxaron azken unera arte". Badaezpada, halakorik gertatuko balitz, itxarote-zerrenda bat ere osatuko dute, azken orduan norbaitek joaterik izango ez balu parte hartzeko aukera izateko.
Lehiakortasunik ez
Aurreratu dutenez, bi ibilbide izango dira aukeran; "bat luzeagoa eta teknikoagoa, bestea motzagoa eta denon gozamenerako". Baina bietako bakar bat ere ez da izango lehiakorra. "Helburua parte hartzaileek geure Andatza mendiaz eta giro ederraz gozatzea" izango da.
Antolatzaileek ohartarazi dutenez, bizikleta elektrikoarekin parte hartu ahalko da Irisasi BTT Hotzak Akabatzen proba honetan. Jan-edana egongo da ibilbidean zehar eta amaieran frontoian. Parte hartzaileak pilotalekura heltzerako antolatzaileek eginiko zozketetan sarituak izan diren kirolarien dortsal zenbakiak jarriko dituzte, sariak unean bertan frontoian jaso ahal izateko.
Sariez ari garela; izen-ematearen truke, maillota opari jasoko du parte hartzaile bakoitzak. Neurria hautatzeko azken eguna abenduaren 19a izan zen. Ordutik izena emandakoek maillotaren neurria dortsalak jasotzeko unean bertan hautatu beharko dute, eskuragarri geratzen direnen artean hain zuzen.