Urtarrilean sartzearekin batera indarrean dira 2024ko ordenantza fiskalak. Azken urteotako ildoari jarraiki, Kontsumo Prezioen Indizearen (KPI) igoera aplikatuko die Usurbilgo Udalak ordenantza fiskal berriei; zehazkiago esanda, %2,9ko igoera. Hala erabaki zuten hasieraz urriaren 10ean eginiko ezohiko osoko bilkuran. Alde bozkatu zuten EHBildu eta EAJ udal taldeetako ordezkariek. PSE-EEko udal ordezkaria aurka agertu zen.
Udalbatzak gehiengo osoz hartutako erabakia jendaurrean izan zen urriaren 18tik aurrera, 30 lanegunez. "Arauzko informazio publikoko epea amaitu eta erreklamaziorik jaso ez denez, behin betirako onartu dira 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako eraginez, zerga, tasa, prezio publiko, kontribuzio berezi eta zerga kudeaketaren ordenantza fiskalean eginiko aldaketak", berri eman zuen Usurbilgo Udalak abenduaren 19an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaraturiko iragarkiak.
Zerbitzu publiko onenak eskaintzeko
2022ko abuztutik 2023ko abuztura arte KPIak Gipuzkoan izandako bilakaera hartu dute erreferentzia gisa, igoera zehazterakoan. Udal gobernu taldetik gogorarazi zutenez, diru-sarreren ehuneko garrantzitsua jasotzen da urtero, zerga, tasa eta prezio publikoetatik. Helburua da, nabarmendu dutenez, "justizia sozialaren eta trantsizio ekosozialaren zerbitzura jartzea udalaren ahalmenen arabera gure zerga-politika, eta fiskalitate justuago eta berdeago baterako bidean sakontzea. Halaber, helburua ere bada herritarrei ahalik zerbitzu eta eskaintza publikorik onenak eskaintzea, baina zerbitzuen gastu-sarreren finantza oreka ahal dela bermatuz".
Ur zikinen arazketa tasa eta kanona hondakinen isurketagatik
Zenbait aldaketa iragarri zituzten hasieraz onartu zituzten ordenantza fiskal hauetan. Batetik, ura eta estolderia tasari dagokionean, igoera orokorrarekin batera, %8ko igoera aplikatuko dute, udal gobernu taldetik azaldu zutenez, Gipuzkoako udalerri gehienetan dagoen kontzeptu berri bat txertatuko dutelako, Loiolako araztegira doazen ur zikinen arazketari lotutako tasa. Aurten, uraren tarifak dituen bi zatietako bati, aldakorrari, "%20a aplikatuko zaio". Urtean 10 euro inguruko fakturen garestitzea eragingo du. Halere, inguruko udalerriekin alderatuta, Usurbilgoak tarifa merkeena izaten segitzen duela adierazi zuten udal gobernu taldetik.
Bigarren aldaketa, hondakinen tasari lotutakoa da, "EAJk eginiko ekarpena" Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak azaldu zuenez. Hondakinen gaikako bilketari lotutako gastu eta diru-sarrerak orekatzeko , "defizita txikiagotzen joateko" alegia, kanonaren kontzeptua txertatuko da, EAE mailan onarturiko Hondakinen Legeari jarraiki. Kanon hau Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) udalei kobratzen dietela jakinarazi du udal gobernu taldeak. Aurrerantzean, orain arte ez bezala, hondakinak isurtzea kobratu egingo da. Justiziazko kontzeptutzat jotzen du udal gobernu taldeak, "gehiago kutsatzen duenak gehiago ordaintzea". Aurrerantzean, beraz, hondakinak tratatzeagatik soilik ez, "hondakinen isurketagatik ordaindu beharko da". Usurbilek aspalditik, sortzez besteko ordainketa sistema badu, errefusari aplikatzen zaiona eta kanon hau horri erantsiko zaio aurrerantzean. Fakturan, gutxi gorabehera ontzi grisa hilean behin ateratzen duenak, urtean 6 euro inguruko igoera nabarmenduko du.
Terrazak, Kiroldegiko abonu eta ikastaroak, Udajolas, Haur Eskola...
Aldaketa gehiago. Terrazei aplikatzen zaien tasan ez da %2,9ko igoera orokorra aplikatuko. Udal gobernu taldetik iragarri zutenez, covid19ak eragindako osasun krisialdiaren testuinguruan ostalaritza establezimenduen atariko eremuok handitzea baimendu zuen Udalak. Testuinguru hura igarota, sektore honekin gai horri buruzko lanketa bideratzekoa da Udala. Honenbestez, 2024a trantsizio urtetzat jotzen dutenez, lanketa hori amaitu artean, lerrootan mintzagai dugun tarifa bere horretan uztea, igoerarik ez aplikatzea erabaki dute.
%2,9ko igoera orokorretik salbuetsiak geratuko dira baita urtero moduan, Kiroldegiko abonuak eta ikastaroak. Izan ere, kasuotan, haien prezio publikoak Buruntzaldea mailan adosten dira. 2024rako eskualdeak zerbitzuok %4 garestitzea erabaki dute, batetik, bere kontsumo handiagatik kirol instalakuntzetan eragin handia duen argindarra garestitu delako eta baita langileen lan-baldintza hobetzeak ekarritako gastuei aurre egiteko ere.
Udajolasen ere gastuak hazi egin direnez, ordaindu beharreko kuotak handitzea onartu da 2024rako, 90 eurotik 105 euroraino (familia ugarien kasuan 90 euro).
Haur Eskola ere aipatu neurri orokor horretatik kanpo geratuko da baita. Gogoan izan, doakotasunaren bidean, familiek ordaindu beharreko kuoten bi herenak Udalak bere gain hartzea erabaki zuen iragan udaberrian.
Hobari berri bat, Udalak lehendik zabaldua zuen eskaintzan
Gogoan izan, bide batez, errentaren araberako %50-90 arteko hobarien eskaintza zabala eskuragarri dagoela. Urrian udal gobernu taldeak ezagutarazitako datuen arabera, 200 familia inguru siren hobarion onuradunak Usurbilen. "Gehienak %90eko hobariak jasotzen ari dira", zehaztu zuten urriko osoko bilkuran.
Hobarien eskaintza honi beste bat eranstea erabaki dute 2024an. Ondasun Higiezinen Zergari aplikatuko diotena hain zuzen. Energia aprobetxamenduari lotutako inbertsioak egiten dituenari, obrak egindako urte horretako zerga horretan %40ko hobaria aplikatuko zaio. Aipatu moduan, inbertsio hori egiten duen urtean soilik.
"Herritarrei zerbitzu eta eskaintza publiko guztietarako sarbidea erraztu eta bermatu nahi zaie, edozein dela ere bere errenta maila, eta modu horretan usurbildarron aukera berdintasuna bermatu. Inor atzean edo bazterrean utzi gabe. Justizia soziala", azaldu zuten udal gobernu taldetik.
Usurbilen erroldatua izatea aski da, hobarietarako sarbidea izateko aukera edukitzeko. "Hobarietarako erreferentzia gisa Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata dugu. Egun 1.080 eurotan dago".