Prebentzio neurriak indartzeko aholkua, gripearen eta covid19aren intzidentzia handitzen doan honetan

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 4a, 09:08

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Osakidetzak prebentzio neurriak indartzea gomendatu dute, arnas-infekzioren baten sintomak izanez gero. Azken asteotan gripearen eta covid19aren intzidentzia nabarmen handitzen ari dela ohartarazi dute.

Batek baino gehiagok izango duzue inguruan egun edo asteotan gaixo dagoen norbait. Urtero garai honetan gertatzen den moduan, arnas-infekzioen intzidentzia handitzen doa azken aldian. Gripe eta covid19 kasu berriak nabarmen ugaritu direla ohartarazi dute Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Osakidetzak. Horren aurrean, prebentzio neurriak indartzea aholkatu dute; gaixotasun hauei lotutako sintomak izanez gero, maskara erabiltzea "norbera eta ingurukoak babesteko. Era berean, kutsatzeko arriskuaren aurrean, leku jendetsuetan distantzia fisikoa mantentzea, eskuen higienea indartzea, ahoa eta sudurra estaltzea eztul egitean eta doministiku egitean, eta espazioak aireztatzea iradokitzen da". Osasun Sailaren esanetan, "gomendio horiek betetzea funtsezkoa da osasun publikoa babesteko".

Gazteenen eta helduenen artean bereziki
Aipatu moduan, ohikoak diren urte garai honetako gaixotasunen intzidentzia handitzen doa azken aldian. Osasun Sailetik berri eman dutenez, "Arnas Zaintzako Infekzio Akutuaren azken txostenaren arabera (52. astea, abenduaren 25etik 30era), gripearen birusaren zirkulazioak eta COVID-19aren intzidentziak gora egiten jarraitzen dute, eta bronkiolitisaren diagnostikoek eta Arnas Birus Sinzitialaren (ABS) detekzioek behera egin dute".

Zenbakietan, "adin-taldeen arabera, tasarik altuena 0-4 urte bitartekoen taldean erregistratu da (1.852,0 kasu 100.000 biztanleko), eta ondoren 5-14 urte bitartekoen taldean (624,9 kasu 100.000 biztanleko). Tasak jaitsi egin dira aurreko astearekiko adin-talde guztietan, 64 urtetik gorakoen taldean izan ezik".

Kasu guztion artean, ospitaleratzea beharrezkoa izan den kasu larrienen kopurua ere handitu da azken astean; "29,5 kasu izan dira 100.000 biztanleko (20,8/100.000 aurreko astean); adin-talde guztien artean 64 urtetik gorakoak izan dira nagusi".