2024ari begira

Iazko deskontu berak aplikatuko zaizkie aurten Lurraldebuseko erabiltzaileei

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 4a, 09:42

Iaz bezala, aurten ere %50eko deskontua aplikatuko die Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebuseko erabiltzaile guztiei.

2023. urtean egin bezala, %50eko deskontua aplikatzen segiko zaie 2024an ere Lurraldebuseko erabiltzaileei. Hala berretsi nahi izan du azken orduotan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak.

Hori horrela da, Espainiako Gobernuak iragan astean hartutako erabakiaren ondotik. "Joan den ostegunean, Pedro Sanchezen Gobernuak garraio publikoaren deskontuak arautzen dituen Errege Dekretua argitaratu zuen, 2024an Lurraldebusen onartutako % 20ko hobariak % 50eraino osatzea aurreikusten duena", azaldu dute Foru Aldunditik.

Bertatik aditzera eman dutenez, "udazkenean konpromisoa hartu zuen 2024 osoan Lurraldebusen tarifen % 20ko beherapena mantentzeko, eta orain Espainiako Gobernuak %50era arte osatuko du".

Baldintza berak
Gauzak horrela, Diputaziotik bermatu dutenez, "gipuzkoarrek 2023ko baldintza beretan erabili ahal izango dute Lurraldebusen zerbitzua eta hobariak Mugi sistemaren berezko abantailei gehituko zaizkie; sistema horrek erabileragatik deskontu progresiboak, garraio-operadoreen arteko doako transbordoak edo hobariak eskaintzen ditu, doakotasuneraino iritsiz, kolektibo kalteberenei eta baliabide gutxien dituztenei".

Gogoan izan, Mugi sistemaren baitan dira udalerri hau ingurukoekin lotzen duten autobus eta tren zerbitzuak; batetik, Donostia nahiz Oriorantz doan Euskotren. Bestetik, Zumaia-Donostia artean joan etorrian ibiltzen den UK09 eta eskualdean barrena ibiltzen diren beste bi autobus zerbitzuak; Usurbil ospitaleekin lotzen duen BU02 eta Usurbil Hernani arteko bidea osatu ohi duen BU10.

Informazio gehiago:
mugi.eus
lurraldebus.eus / 900 300 340
euskotren.eus / 944 333 333