Lehendik ezbehar gehiago jasandakoak dira baina pasa den astean izandako orain arteko lan-istripu larrienarekin aski dela esan dute eta ostegun honetan, lantegi atarira irten dira. Correos Express-ek Atallun duen egoitzako langileak ondoko iruditan jaso dugun protesta egin dute gaur goizean; eguneroko jarduna eten eta "lan-istripu gehiagorik ez" exijitzen zuen pankartaren bueltan bildu dira.
Mobilizazioa atzo arratsaldean eman zuten ezagutzera sindikatuek. Deialdiarekin bat egin dute langileok ordezkatzen dituzten CCOO, LAB, ESK, UGT eta ELA sindikatuek. Iragarpen horretan aurreikusi moduan, ostegun goiz honetako 10:00etan elkarretaratzea egin dute langileek lan-istripu gehiagorik ez dutela behar aldarrikatu eta orain arte izan dituztenak salatzeko. "Pabilioiak martxan daraman urtebete pasatxoan ere esku harrapaketa kopuru handia izan da sailkapen-makina batean. Enpresa Batzordeak eta Segurtasun eta Osasun Batzordeak zentro horretan lan egiten duten langileen lan-baldintzak salatu dizkiote Gipuzkoako Lan Ikuskaritzari”, salatu dute sindikatuek.
Izan ere, sindikatuon esanetan, "Correoseko egoitza honetan" aurrez lan istripu "arinagoak" gertatu izan dira. Horrez gain, lan-ikuskaritzan salaketak ere aurkeztu izan dituztela berri eman dute, "segurtasun neurrien gabeziagatik".
Gaurko protesta eragin duena, ordea, orain arte izandako lan-istripu larriena izan da, iragan astean jazotakoa hain zuzen. "Orga jasotzaile batek harrapatu zuen behin-behineko lankide bati gertatutako azken istripua eta pabiloi horretako lan-baldintzak salatzeko", egin dutela gaurko protesta ekintza azaldu dute sindikatuek.