Negu giro beteko lehenengo ekaitz egunak bidean ditugu. Euskalmet meteorologia agentzia iragartzen hasi berri den moduan, ekaitz giroa izango dugu asteburuan eta elurra ez oso urruti. "Prezipitazio handiagatik" abisu horian izango gara ostiral eguerditik larunbat goizeko 9:00ak arte. Denbora tarte horretan, "zaparrada ertainak eta ugariak botako ditu, sarriago eta iraunkorrago Kantauri isurialdean; bertan handiak izan daitezke. Gauean, Kantauri isurialdean trumoi-ekaitzak izan daitezke, eta txingorra egin dezake".
Elurra oso urruti ere ez dugu izango; larunbatean 700-900 metrotan zuritu ahalko du, "noizbehinka beherago egon liteke", Euskalmet-ek ohartarazi duenez. 562 metroko garaiera du Andatzak. Euskalmet-en arabera, larunbatean, 600 metrotan ere elurra egin dezake, 0-2 zentimetrotan pila daiteke elurra.
Ekaitz giroa ostiral gauean
Giro honetan, ostegun hau, urtarrilaren 4a, Usurbilen, trantsizio eguna izango dugu. "Goizean zerua partez hodeitua egongo da, erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin. Arratsaldean hodeiak ugaritu egingo dira eta egunaren amaieran zerua oso hodeitsu edo estalita geratuko da. Gauean euri txikia egingo du, azken orduetan bereziki. Hego-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogor batzuekin. Gauean mendebal/ipar-mendebaldera aldatuko da, bolada gogor batzuekin. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira".
Ostiralean, "zerua oso hodeitsu egongo da. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, sarri eta ugari. Gauean trumoi-ekaitzak izan daitezke. Mendebal/ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira eta maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira".
Larunbatean, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu. Trumoi-ekaitzak izan daitezke, bereziki egunaren lehen partean. Ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da".
Datozen egunotarako iragarpen eguneratuaren berri, euskalmet.eus atarian jaso ahalko duzue.