GAO

2023ko udal dirulaguntzen azkeneko ebazpena

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 4a, 08:00

Kiroletako norgehiagoka erregimenekoak ez diren dirulaguntzei lotutako ebazpena kaleratu du Usurbilgo Udalak.

Udal dirulaguntzen plan estrategikoko 2024ko eranskina aho batez onartu zuen udalbatzak abenduaren 20ko osoko bilkuran. Gai honi lotuta udal gobernu taldetik iragarri dutenez, urte berrirako udalerri honek izango dituen 13 milioi pasatxoko aurrekontuetatik 1,1 milioi euro askotariko dirulaguntza lerroetara bideratuko dute. Iaz egin zuten bezala. Izan ere, 2023ko deialdi hauen artean eskabideak aurkezteko aukera eskaini zuten azkeneko laguntza lerroari lotutako udal ebazpena kaleratu du ostegun honetako, urtarrilaren 4ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak.  

Hain zuzen, abenduaren 1era arteko epea zuten interesdunek 2023ko kiroletako norgehiago erregimenekoak ez diren dirulaguntza deialdira aurkezteko aukera. Lerro ezberdinak diru laguntza honek: laguntza bereziak (5.400 euro), taldeetako prestakuntza teknikoak (1.000 euro), kirolarien oinarrizko osasun miaketak (5.000 euro) eta eskolaz kanpoko kirol jardueretan parte hartzeko diru laguntzak (5.000 euro). 

6.000 euro pasatxoko laguntza
Epealdi horren baitan, bost eskaera jaso zituen Udalak laguntza berezien atalean; Zubige Zubietako Guraso Elkartearena, Udarregi ikastolarena, Donostialdea Bizikletan Txirrinudlaritza Klubarena eta Usurbil K.E.-renak. 

Eskubaloi taldeen elkarteak beste eskaera bat aurkeztu zuen kirolarien oinarrizko osasun miaketak egiteko. Taldeetako prestakuntza teknikoen atalera inork ez zuen eskabiderik aurkeztu. Azkenik, eskolaz kanpoko kirol jardueretan parte hartzeko dirulaguntza deialdian zortzi eskaera jaso zituen Udalak.

Eskabide guztiak aztertuta, gaurko GAO-k argitaraturiko ebazpena kaleratu du Udalak. Guztira, 6.564,93 euro banatuko ditu Udalak laguntza lerro honetan. Alegazioak aurkezteko hamar eguneko epea irekiko dute orain.