Bueltan da Usurbilgo Udalak eta Ziortza gazte elkarteak negu parterako gaztetxoentzat antolaturiko euskarazko film proiekzioen zikloa. Azaroan ekin zioten edizio berriari, baina hilabete amaieran. Abenduan bigarren igandez eskaini zuten euskarazko filma. Urtarrilean, jatorrizko egunera, hilabeteko lehen igandera itzuliko da hitzordua. Etzi, hilaren 7an, “Rabbit Academy: pazko arrautzen lapurreta handia” filma proiektatuko dute arratsaldeko 17:00etan hasita Sutegiko auditorioan.
Negu giro beteko arratsaldea izatea espero denez, giro eder askoan auditorioko eserlekuetan jarri eta euskarazko filmaz gozatzeko aukera izango dute gaztetxoenek. Ohi bezala, hitzordu honetarako sarrerak usurbilkultura.eus plataforman eskura ditzakezue. Ikusiko duzuen moduan, aurrerantzean 3 eurotan ez, 3,20 euroren truke eskuratu ahalko dira sarrerak, indarrean diren urte berriko ordenantza fiskal berriak tarteko.
Honatx filmaren sinopsia, albiste honi atxikia duzue ikus-entzunezkoaren sinopsia. “Maxek bere helburua lortu du: lehen untxi kaletarra izango da Pazko untxiek beren maisu eskolan onartuko dutena. Berak eta lagunek nork bere super boterea aurkitu beharko dute, Pazkoa babesteko. Baina orduan inork espero ez zuena gertatu da: Pazko untxien ondasunik preziatuena. Urrezko arrautza, belztu egin da... eta horrek esan nahi du Pazkoa arrisku larrian dagoela! Izan ere, Leok, hiriko untxi talde bateko buruak, Pazkoa hondatu nahi baitu, eta azeri familia bat engainatu du arrautza guztiak lapurtzeko. Maxek aukera bakarra du Pazkoa salbatzeko: laguntza eskaini dion Ferdinand azeri txikiarekin indarrak batzea. Baina benetan fidatu ote daiteke untxi txiki bat azeri batekin? Agian etsaia besarkatzea da lagun bat egiteko modurik onena”.