Udal dirulaguntzen plan estrategikoko 2024ko eranskina aho batez onartu zuen udalbatzak abenduaren 20ko osoko bilkuran. Urte berrian sartzearekin batera, guztira 1.178.417 euro bideratuko ditu gobernu taldeak laguntza eskaintza zabalaren bidez. Dirutza beraz, are gehiago, 2024ko udal aurrekontuen zenbatekoa kontuan izanda; 13 miloi euro pasatxoko aurrekontuak izango ditu herri honek 2024an, milioi bat baino gehiago dirulaguntzetara bideratuko dute. Erronka hauei heltzeko baliatu nahi dituzte dirulaguntzok gobernu taldeak abenduaren 20ko udalbatzarrean azaldu dutenez: gizarte babesa bermatu edota tokiko garapena sustatzera (herri merkataritzara, nekazaritzara, kulturara...).
Hamaika egitasmo
Milioi bat euroko pasatxoko dirulaguntzak hamaika egitasmora bideratuko ditu Udalak 2024an. Euskalgintzari dagokionean, euskara ikastera, NOAUA! K.E.-ra, ikastolen aldeko jaialdietara, Hizkuntz Eskubideen Behatokira, Euskal Herrian Euskaraz-era, Jakin eta Elhuyar fundazioetara, Korrikara edota enpresetan euskara sustatzera bideratu asmo dituzte.
Garapen ekonomikoa eta enpleguari dagokionean, herri merkataritza eta ostalaritza sustatzeko dirulaguntza eskainiko du Udalak, lokal hutsetan jarduera ekonomiko berriak abiarazteko laguntzak, Hasiz-Hazi Kabiene elkarlan gunean urtebeteko egonaldia egitea ahalbidetzeko baita.
Gazteria alorrari dagokionean, aisialdiko begirale eta zuzendari izateko ikastaroak ere diruz laguntzen jarraituko ditu Udalak 2024an. Hezkuntzan, musika irakaskuntza eta musika-kultura suspertzeko dirulaguntza eskainiko dute.
Hirigintza alorrari dagokionean, Usurbilgo etxebizitzen alokairuak ordaintzea laguntzeko edota etxebizitzetan igogailuak instalatzeko laguntzak edota ETSrekin sinatutako hitzarmena betearaztea izango dira Udalaren erronkak 2024an. Idazkaritzatik "Naziometroa" egitasmoa lagunduko dute.
Kirol arloan, ohiko dirulaguntza zuzenak, laguntza bereziak, kirol teknikoen prestakuntza, Eskola Kirola, eskolaz kanpoko kirol jardueretan parte hartzea edota kirol egokitua diruz lagunduko ditu Udalak.
Ingurumen alorrerako dirulaguntza irekiak eskainiko ditu Udalak, "pobrezia energetikoa, eraginkortasun energetikoa, energia berriztagarriak, hondakinak, natur ingurunea, mugikortasuna, ur saneamendua eta aire kalitatea" hizpide dituzten jardueretara. Horrekin batera, aire eta lurraren kalitatearen jarraipena egiteko laguntza eskainiko du.
Nekazaritza eta abeltzaintza alorrei dagokienean, eremuotako ekintzetara bideratzeko dirulaguntza irekiak sustatuko ditu, baita eremuokin lotura duten azoka eta ekintzak, edota sagardoaren inguruko kultura.
Kultur arloari dagokionean, Jai Batzordeak, Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoa, herriko jaietako ekintzak, herriko elkarteen kultur ekimenak, Jakin Jardunaldia, kultur sormeneko egitasmoak edota buruhandien konpartsa diruz lagunduko ditu.
Gizarte Zerbitzuei dagokienean, aurreikusi gabeko gizarte zerbitzuetako premiazko bereziko egoeretara, Gizarte Larrialdietarako laguntzetara, baliabide nahikorik izan ez eta bestelako dirulaguntzak eskuratu ezin dituztenentzako oinarrizko beharrak asetzera bideraturikoak, gizarte ekintzen eremuan diharduten elkarteentzako dirulaguntzak, desgaitasuna edota mendekotasuna duten adin txikiko guraso edo tutoreei haurrek egindako tratamenduek eragindako gastuak laguntzera bideraturikoak, deserrotze eta baztertze sozialeko arriskuan dauden pertsonen senideei erantzutera zuzendurikoak, jubilatu elkarteentzako direnak, garatzeko bidean diren nazioetako herritarren egoera sozioekonomikoa hobetzeko lankidetza programak exekutatzen dituztenentzako laguntzak, "Oporrak Bakean" egitasmora, Matiarekin hitzartua duten hitzarmenera, adimen-desgaitasuna duten kolektiboko pertsona baten kontrataziora...
Udalbatzak abenduaren 20an hartutako erabakiaren iragarkia kaleratu du du Udalak ostiral honetako, urtarrilaren 5eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Argitalpen horretan dituzue xehetasun guztiak.