Ostiral eguerditik larunbat eguerdira prezipitazio handiagatik abisu horian izango garela ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. Datozen 24 orduotan, "ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke Kantauri isurialdeko zenbait tokitan. Zaparrada ertainak eta ugariak botako ditu, sarriago eta iraunkorrago Kantauri isurialdean; bertan handiak izan daitezke. Gauean Kantauri isurialdean trumoi-ekaitzak izan daitezke, txingorrarekin eta haize-bolada oso gogorrekin batera".
Era berean, abisu horia ezarri dute Gipuzkoa barnealdean elurragatik asteburu osorako. Larunbatean eta igandean 600 metrotan ere zuritu eta bi zentimetro arte pilatu daiteke elurra.
Txingorra, ekaitza... negu giroa
Giro honekin, ostiral honetan Usurbilen, "zerua oso hodeitsu egongo da. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, sarri eta ugari, eta zenbait tokitan handia egin dezake. Gauean trumoi-ekaitzak izan daitezke, eta txingorra egin dezake. Mendebal/ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura maximoak nabarmen jaitsiko dira".
Ildo beretik esnatuko zaigu larunbata. "Zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, prezipitazioa sarri egingo du eta ugaria izango da. Trumoi-ekaitzak izan daitezke, bereziki egunaren lehen partean, eta txingorra egin dezake. Ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Tenperatura gutxi jaitsiko da".
Etzi, igandean, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperaturan, aldaketarik ez".
Datozen egunotarako iragarpenaren berri zehatzago, euskalmet.eus atarian jaso ahalko duzue.