Euskal Telebistak jakinarazi berri duenez, Lur Errekondo izango da aurten ere "El Conquistador del fin del mundo" ETB-ren abenturazko reality saioko aurkezleetako bat; bestea, Julian Iantziren lekukoa hartuko duen Patxi Alonso. Gogoan izan, telebista programa hau aurkeztuko du Usurbilgo kirolariak bigarren urtez segidan. Iaz, gainera, "Harri Herri" harrijasotze txapelketan parte hartu zuen. Halere, aurkezle gisa, estreinakoz, "Naufragoak" abenturako reality saioan aritu zen 2022ko udazkenean ETB-n.
Abiapuntura
Berrikuntzekin dator "muturreko abentura" bere 20. urtemuga borobilean. Urtarrilaren 15ean hasiko dira eskaintzen Euskal Telebistaren erdarazko katean. Iaz, Karibeko uretan grabatu zuen saioa duela hogei urte ekoizten hasi ziren tokira itzultzea erabaki dute, abiapuntura hain zuzen. Argentinako Patagoniatik eskainiko dute datorren edizioa, "Ushuaian, Beagleko kanaleko ur hotzetan, Munduaren Amaierako Itsasargi mitikoan jokatuko den finala" iragarri dute.
Aurkezleekin batera, bueltan izango dira, estreinako edizioan parte hartu zuten kapitain historikoak: Jose Luis Korta eta Juanito Oiartzabal. Saioko lan taldetik iragarri dutenez, "edizio berriak ez du inor epel utziko. Ur izoztuetan igeri egitea, mendi malkartsuak eskalatzea, zero azpiko tenperaturak jasatea, ibaiaren korronte azkarrari aurre egitea, janaria, ura eta indarrak dosifikatzea dira muturreko abentura honetan bizirik irauteko gakoetako batzuk. Horrenbestez, gaitasun fisikoa, ikaskideekiko bizikidetza, eta hotzarekiko eta gosearekiko erresistentzia funtsezkoak izango dira munduaren amaierarakobenetako konkistatzaile bihurtzeko, eta parte-hartzaile gutxi batzuek baino ez dute titulu hori izateko ohorea".