Bidea ireki diete norabidea argitu dieten antortxero eta Ziortzako laguntzaileek. Haiek izan dira frontoiko harrera ekitaldia sartzen lehenak. Atzetik, herria agurtuz agertu dira Baltasar, Meltxor eta Gaspar. Ohi bezala, oholtza gainera igo eta aurtengo mezua plazaratu diete frontoira joandakoei. "Mendiak, basamortuak... denetarik" igaro ostean, Usurbila heltzen lagundu dietenak eskertu dituzte beste ezer baino lehen.
"Elkarrekin mundu hobeago bat egitea"
Bide luzea egin dute urtero moduan. Bide "tristea", nabarmendu dutenez. Izan ere, "goseteak, gerrak, bekoizkeria" ugari ikusi behar izan dituzte. Testuinguru horretan, Usurbila helduta, urte berriari ekin dion herri honi erronka hauxe plazaratu diote hiru erregeek. "Erronka bat jarriko dizuet bai haur eta gurasoei. Datorren urte honetan, 2024an eskatuko dizuet, zuen artean maitatzea, laguntzea, beharrean daudenei laguntzea, elkarrekin mundu hobeago bat egitea. Saiatuko al gara denon artean zerbait hobea egiten?".
Erronka horri heldu aurretik, datorren gaua hartu dute ahotan erregeek. Gau luzea dute aurretik. "Badakizue, opariak jasotzeko zapatilak garbitu, goiz oheratu eta lanaldi luze samarra izango dugunez, esnea eta gailetatxo bat edo beste ondo etorriko zaigu", gogorarazi diete herrikideei.
Goizean postariak "maitasunez eta ilusioz" egindako eskarien zerrenda jaso dutela adierazi diete usurbildarrei. Eskatutakoari erantzuteko asmo irmoa agertu dute, baina gogorarazi dutenez, "badakizue zein den oparirik hoberena? Jasoko dituzuen opariak lagunekin, anai-arrebekin, gurasoekin, elkarrekin banatzea, eta elkarrekin gozatzea. Horretarako, gauza bat eskatuko dizuegu; datorren urtean lagun guztiekin ahalik eta ondoen portatzea, elkar errespetatzea, elkar maitatzea eta elkarri laguntzea".
Eskaera horrekin amaitu dute erregeek albiste honi atxikitako bideoan ikusgai eta entzungai duzuen aurtengo mezua. "Elkar maitatu, ondo izan eta gau magiko hau goza dezazuela".