Ezohiko errege kabalkada izan da aurtengoa. Izan ere berezitasun bat baino gehiago izan du jada geure artean ditugun erregeen etorrerak. Batetik, zaldirik gabe, traktore gainean egin dute arratsalde partean Urdaiagan hasi eta iluntzean frontoira arte egindako bidea. Bigarrenik, ziurgabetasun erabatekoa izan dute Meltxor, Gaspar eta Baltasarri harrera egiteko antolaketa lanetan buru-belarri aritu den Ziortza gazte elkarteko kideek.
Hain zuzen, euriagatik abisu horian ginen eguerdiaz geroztik. Gogotik bota du, kazkabar jasak ere izan ditugu bazkalostean. Aurreikusi moduan, Urdaiagatik finkatua zuten orduan abiatu dira Usurbil aldera, baina Santueneako frontoirainoko bidea egin dute hasieran. Han, ordubetez gelditu behar izan dute, eta 18:30ak jota, ateri zela ikusita udalerri honetako Kaxkorako bidea hartu dute. Aurreikuspen guztien kontra, ateri eutsi dio ibilaldi osoan zehar; bizi-bizi mugitu dira badaezpada ere. Bidea argitzen ari ziren antortxeroei ere sua ez zaie euriagatik itzali. Baina aipatu moduan, euri zaparrada bakar bat ere ez diete egin bide osoan. Beste urteetako ibilbidea ia oso-osorik egin ahal izan dute; azken txanpa izan ezik. Atxegalde ezin izan dute zeharkatu, ezta Kale Nagusia ere.
Ia herri osoan
Hala, Santuenetik Bizkarrera igo dira, handik Kale Nagusitik Errekatxiki kalean barneratu dira. Artzabalgo auzuneari itzulia emanda, Munalurrara igo eta handik Udarregi ikastola paretik Mikel Laboa plazara iritsi dira erregeak.
Bidean zenbaezinak diren gozoki kopurua jaurti diete inguratu zaizkien herrikideei, Mikel Laboa plazan egin duten azken geldialdian bezala. Eremu horretan traktoretik jaitsi eta frontoirainoko azken metroak oinez egin dituzte.