Zortzi orduko saioa izango da Sutegin, ordutegi honetan: 09:30-14:00 / 16:00-19:30. "Zer istorio nahi zenuke historiara pasatzea?". Parte hartzaile bakoitzak kontatu nahi duen istorio baten inguruko tailerra, istorioei loturiko dokumentuetatik abiatuta. Performancea eta literatur idazketa uztartzen dituen tailerra".
Tailerrerako izen-ematea urtarrilaren 8a baino lehen bideratu beharko da usurbilkultura.eus plataforman. Prezioa: 35 euro. Ordainketa, egunean bertan egingo da. Gehienez zortzi lagunentzako lekua egongo da. Antolatzaileen esanetan ez da beharrezkoa aldez aurreko inolako esperientziarik. "Joan Mari Torrealdai atxilotu zutenean, poliziak bere etxetik dokumentu zenbatezinak eraman zituzten; “Biluzik utzi ninduten, ez fisikoki, bai intelektualki”, kontatuko zuen beranduago. Artxibo biluzia tailerra proposatzeko orduan egun hartan hutsik geratutako karpeta bat irudikatu dugu, eta hura betetzen saiatu gara. Tailerreko parte hartzaileei “Zer istorio nahi zenuke historiara pasatzea?” galderari erantzuteko eskatuko zaie, eta hortik abiatuta performancea eta literatur idazketa uztartzen dituen tailerrean murgilduko gara. Tailer hau Joan Mari Torrealdai Bekari esker sortu du Metrokoadroka kolektiboak, ikerketa proiektu baten barruan".
Konferentzia performatiboa eta antzerkia
Aldiz, biharamunean, urtarrilaren 14an 18:00etan hasita Sutegiko auditorioan eskainiko den konferentzia performatibo eta antzerkirako gonbidapenak bai, eskuragarri dituzue oraindik usurbilkultura.eus plataforman. "Joan Mari Torrealdai atxilotu zutenean, poliziak bere etxetik dokumentu zenbatezinak eraman zituzten; “Biluzik utzi ninduten, ez fisikoki, bai intelektualki”, kontatuko zuen beranduago. Artxibo biluzia pieza sortzeko egun hartan hutsik geratutako karpeta bat irudikatu dugu, eta baliabide eszenikoekin betetzen saiatu gara, gure buruari eta publikoari galdera hau eginez: “Zer istorio nahi zenuke historiara pasatzea?”.
Konferentzia performatiboa eta antzerkia uztartzen dituen pieza eszenikoa da Artxibo biluzia. Bi aktore ikusiko ditugu eszenan, publikoarekin elkarrizketan, ikerketa bat abiatzen, dokumentu bat akzioa fisikoaren pizgailua izan daitekeen frogatu nahian. “Joan Mari Torrealdai beka” jarri dute martxan Usurbilgo Udalak eta Jakin aldizkariak. Hori izan da Metrokoadroka kolektiboaren ikerketa eszeniko hau abiatzeko pizgailua".
Egitasmo honen zuzendaritza eszenikoan Marina Suarez Ortiz de Zarate eta Oier Guillan aritu dira; Idoia Beratarbide zuzendaritza artistikoan, Imanol Garcia argiztapenean. Danele Sarriugartek, Nagore Legarretak eta Maria Elorzak kolaboratu dute. Oholtza gainean, Intza Alkain eta Javier Barandiaran aktoreak ikusiko ditugu.