Zertaz mozorrotu nahi duzue datorren Inauteri Festan?

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 8a, 12:08

Otsailaren 10eko Inauteri Festarako gaia zuen esku aurten ere. Urtarrilaren 17ra arteko epea ireki du NOAUA! Kultur Elkarteak zuen proposamenak biltzeko.

Gabon giroko ospakizunak igaro berritan, neguko datozen ospakizunak prestatzeko epean sartu gara. Izan ere, urte garai honetan ere ez dute etenik festa kutsuko hitzorduek. Usurbildik gertu, geure artera ere helduko da urtarrilaren 20ko Donostia Eguneko danbor hotsen oihartzuna.

Haren ostean, Santa Ageda bezpera izango dugu, otsailaren 4a. Eta astebete beranduago, aurten goiz samar datorren Inauteri Festa; 2024ko edizioa, otsailaren 10ean ospatuko dugu Usurbilen.

Egun horretan, beste behin, jantzi koloretsuen lekuko izango gara herrian. Baina zertaz mozorrotu erabaki al duzue? Segidan, egin nahi dizuegun urteroko proposamena; datorren Inauteri Festako janzkera zuen esku! Gaia erabakitzeko gaur hasi eta urtarrilaren 17ra arteko epea zabaldu du NOAUA! Kultur Elkarteak. Zuen ekarpenak bideotatik egin ditzakezue; elkartea@noaua.eus helbidera email bat bidalita, edota whatsapp mezu bat helarazi dezakezue 688 807 336 telefono zenbakira.

Azken urteotan izan ditugun mozorrotzeko gaiak edo aitzakiak ez errepikatzearren, gogora dezagun azkeneko bi hamarkada pasatxo hauetan jaialdi honetarako hautatu direnak:

AURREKO INAUTERI FESTETAN...
2024: ??.
2023: filmak.
2022: gai librean ospatu zen Inauteri Festa.
2021: osasun krisialdia tarteko, ez zen Inauteri Festarik antolatu.
2020: dantza.
2019: jolasak.
2018: ospetsuak.
2017: Ingurumena.
2016: lanbideak.
2015: ipuinak.
2014: Erdi Aroa.
2013: musika.
2012: mitologia.
2011: itsasoa.
2010: zirkoa.
2009: Olinpiar Jokoak.
2008: xomorroak.
2007: Brasil.
2006: marrazki bizidunak.
2005: Usurbil, Oesteko herri.
2004: Hollywood.
2003: munduko kulturak.
2002: extralurtarrak.