Ez dago argi zer gertatuko den, baina eguna gerturatu ahala elurra behe samarrean egin dezakeela ohartarazten ari da Euskalmet meteorologia agentzia. Asteazken honetan, urtarrilaren 10ean, 400-700 metro artean zuritu dezakeela iragarri du. Horregatik, abisu horia ezarri du etzirako egun osoz. "Elur-kota 400-700 m inguruan egon daiteke. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, bereziki eta sarriago egunaren lehen partean. Aurreikusitako lodierak: 2-15 cm 1000 m-ra, 0-5 cm 600 m-ra, 0 cm 200 m-ra", ohartarazi du Euskalmet-ek.
Herritik gertu, mendi inguruak zuritu ditzake elurrak, beraz, hilaren 10ean. Urte garai honetan egokitzen den moduan, giro hotza eta bustia izango dugu.
Egunotarako iragarpena
Aldez aurretik, astelehen honetan, Usurbilen, "goizean zerua hodeitsu egongo da eta zaparrada batzuk botako ditu. Arratsalde-gau partean, hodeiak eta ostarteak. Ipar-haizea. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da; minimoak azken orduetan neurtuko dira".
Asteartean, "zerua tarteka hodeitsu agertuko da eta arratsaldean hodeiak ugarituko dira. Ekialdeko haizea nagusi. Tenperatura gutxi jaitsiko da".
Asteazkenean, "giro goibela eta tarteka euria egingo du. Norabide aldakorreko haizea ibiliko da eta eki-osagaia nagusituko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira, maximoak gutxi jaitsiko dira".
Informazio eguneratua, euskalmet.eus atarian jaso ahalko duzue.