Ikasgelak zabaldu diren egunean plazaratu dute 2024-25 ikasturterako matrikulazio kanpainaren berri

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 8a, 11:23

Otsailaren 7an zabalduko dute 2024-25 ikasturtera begirako matrikulazio epea HH, LH eta DBHko ikasleentzat.

Akabo asteotako etenaldia. Itzali da gabon giroa eta piztu da berriz egunerokotasuna. Goizeko 8:30-09:00 artean berriz ere ohiko joan-etorriak izan dira ikastetxe atarian astelehen honetan. Akabo oporrak. Martxoaren 22an hasiko dituzten udaberriko oporren zain, hiruhileko berriari ekin diote gaur.

Ikasgeletara itzultzeko egun honetan jakinarazi dutenez, gainera, otsailaren 7an irekiko dute 2024-25 ikasturterako matrikulatzeko epea. Hilaren 23ra arte luzatuko dute eskabideak eta egiaztagiriak aurkezteko denbora tarte hau. Hala iragarri du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, astelehen honetako, urtarrilaren 8ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian kaleratu duen aginduaren bidez.

Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan "2024-2025 ikasturtean izena emateko eskabideak aurkezteko egutegi komuna eta onartzeko epea, bai eta ikastetxe horietan ikasleak onartzeko jarraibideak" argitaratu ditu Jaurlaritzak. 

Egutegia
a) Ikastetxeko Eskola Kontseiluak emandako puntuazioaren irizpideak zehaztea: otsailaren 6ra arte.
b) Eskabideak eta egiaztagiriak aurkeztea: otsailaren 7tik 23ra.
c) Eskabideak aldatzea: otsailaren 23ra arte.
d) Eskatzaileen zerrenda argitaratzea: martxoaren 12a. Kontsultak egitea eta erreklamazioak aurkeztea: martxoaren 21era arte.
e) Onarpen-prozesuaren hasiera: martxoaren 12a.
f) Behin-behineko zerrendak argitaratzea: martxoaren 26a. Kontsulta: apirilaren 10era arte.
g) Behin-behineko zerrenden aurkako erreklamazioak ikastetxeko Eskola Kontseiluan: apirilaren 10era arte.
h) Eskabidean atzera egitea: apirilaren 10era arte.
i) Behin betiko zerrenden argitalpena: apirilaren 26a. Kontsulta: maiatzaren 30era arte.
j) Hezkuntzako lurralde-ordezkariek adjudikatutako plazen zerrendak argitaratzea: apirilaren 29a.
k) Behin betiko zerrenden aurka gora jotzeko errekurtsoak jartzea lurralde ordezkariari: maiatzaren 30era arte.
l) Estatistika-datuak grabatzea: maiatzaren 2tik 9ra. Halaber, irailean, Hezkuntza Saileko estatistika-unitateek adierazten dieten epean baliozkotu beharko dituzte matrikularen behin betiko estatistika-datuak, aplikazio informatikoan.
m) Itxarote-zerrendaren indarraldia: irailaren 13ra arte.
n) Plazen erreserbaren iraunaldia: irailaren 13ra arte.
ñ) Ikasleak onartzen direla bermatzeko lurralde batzordeen indarraldia: irailaren 13ra arte.

Informazio gehiago, urtarrilaren 8ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.