Sei urte beteko dira ostiralean, urtarrilaren 12an, Joxan Artze zendu zenetik. Urtemuga honen testuinguruan bi ekimen iragarri dira; haietako bat, Usurbilen. Idatziz sortzaile usurbildarra omendu eta oroitzeko aukera eskainiko du Sutegi udal liburutegiak. Izan ere, Artzeri oroimen eta gorazarre mezuak idazteko Erregistro Liburua herritarron eskuragarri jarriko dute ostiralean egun osoz liburutegian.
Gogoan izan, goizez eta arratsaldez zabaltzen dute Sutegiko gunea, ordutegi honetan: 10:00-14:00/16:00-19:30.
Artzere alde espiritualaz
Bestalde, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneak "Joxan Artze... espirituz ere bai!" izeneko emanaldia antolatu du Artze zendu zen urtemuga egunaren bezperarako. Ostegun honetan, urtarrilaren 11n, 19:00-20:50 artean eskainiko dute saioa kulturuneko Santa Teresa ekitaldi aretoan. Areto hau Gipuzkoako hiriburuko Alde Zaharrean dago kokatua, kaitik hurbil, Andere Elbira Zipitria kalea, 1ean.
"Joxan Artze euskalgintza munduan guztiz ezaguna den artista dugu. Komunikabideek haren alderdi desberdinen berri eman dute: txalapartari, kantu eder askoren egile, olerkari abanguardista, Ez dok Amairuko kide gisa… eta aldiz, 39 urtez landu zuen alderdi espiritualaz ezer gutxi zabaldu dute. Ekitaldi honetan alde espiritualaren berri emateaz gain, haren olerkiak errezitatuko ditugu txeloaren laguntzaz". Andoni Salamerok eta Pello Ramirezek parte hartuko dute hitzordu honetan.