"Konponbiderako giltzak" aldarripean, larunbaterako, urtarrilaren 13rako (16:00etan La Casillatik abiatuko da) manifestazioa deitu du Sarek Bilbon. Hara joateko autobus zerbitzua antolatu du Usurbilgo Sarek. Zerbitzu hau baliatzeko aurrez eman beharko da izena. Horretarako, zerrendak jarri dituzte Kaxkoko lau taberna hauetan: Aitzagan, Txiribogan, Txirristran eta Bordatxon. Ahal bezain laster izen-ematera deitu dute.
Autobus zerbitzua inoiz baino goizago, 14:00etan abiatuko da larunbatean Oiardo kiroldegi paretik. Izan ere, aurreikusitakoa baino ordubete lehenago abiatuko da manifestazioa Bilboko La Casillatik; arratsaldeko 16:00etan hain zuzen. Aurretik, mobilizazioa girotzeko hainbat ekitaldi deitu dituzte Bizkaiko hiriburuan. Bestalde, Euskal Herri mailako mobilizazio horri begira Sarek kaleraturiko manifestuarekin bat egiteko aukera dute norbanakoek nahiz eragileek giltzak.sare.eus atarian.
Manifestazio deialdi horri atxikimendua adierazteko baliatu zuen Usurbilgo Sarek abenduaren 29ko urteko azken elkarretaratzea. Konponbiderako giltzak eskuartean, albiste honi atxikitako herri argazkia atera zuten, euria tarteko frontoian egin behar izan duten mobilizazioan.
Urte amaierako irakurketa
Xehetasun guztiok, aipatu moduan abenduko eta 2023ko azken mobilizazioan eman zituen Usurbilgo Sarek; euria tarteko, ezinbestean frontoian egin behar izan duten mobilizazioan. Agurtzear dugun urteari lotutako irakurketa plazaratu zuen aipatu herri bilguneak.
"Urtea bukatzen zaigun honetan, atzera begiratzeko unea da, 2024an espero ditugun erronkei aurre egin aurretik. Euskal gizartea zoriontzeko arrazoi dago, aurrera egiten jarraitzen dugulako, ez nahi bezain azkar, baina aurrera goaz azken finean, bizikidetza eraikiz eta euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideak defendatzeko konpromisoari eutsiz", adierazi zuen Usurbilgo Sarek.
Azken bi urteotan izan den bilakaera azaldu zuten. "2022 bukaeran, duela urte bat, ia hogei euskal preso zeuden oraindik Espainiako Estatuko espetxeetan. Beste 13 Frantziako espetxeetan zeuden. Sakabanaketaren amaiera gertu zegoen une hartan. Urte bat lehenago aldiz, 2021aren amaieran, ia ehun preso zeuden oraindik Espainiako espetxeetan, eta 20 baino gehiago Frantziako espetxeetan. Gauzak aldatu dira. Hobera. Dudarik ez. Gaur egun, dakizuenez, preso guztiak (Frantzian diren bederatziak izan ezik), Hego Euskal Herriko espetxeetan daude".
Hala eta guztiz ere, bada oraindik zer aldatua Sareren esanetan. "Espainiako salbuespenezko auzitegi batek euskal presoen etorkizunari buruz hartzen dituen erabaki arbitrarioen gatibu jarraitzen dugu, Euskal Herriak gaur egun bizi duen errealitatetik urrun, eta etxerako bidea blokeatzeko asmoz, iragan denbora batean zaharkitutako erabakiak errepikatzen tematuta".
Testuinguru horretan, "presoen eskubideak behingoz errespetatuta izan daitezen, denok gara aurrera egiteko giltza. Eta beren eskubideak, kondena luzeak bete ondoren, salbuespenezko legeriari amaiera eman eta lege arrunta behin betiko aplikatzeari loturik daude, eta horrek etxera itzultzea ekarriko luke. Ezin dugun gehiago itxaron. Horixe da euskal gizartearen gehiengoak eskatzen duena".
Hastear dugun 2024. urtera begira, "urte berri bat dugu aurrean, erabakigarria izan behar duena preso, errefuxiatu eta iheslariei aplikatzen zaien salbuespena behin betiko bertan behera uzteko, eta, haien eskubideak errespeta daitezen lortzeko. Lanean jarraitzera eta mobilizazioei eustera animatzen zaituztegu. Gaur euskal gizarteari dei egiten diogu giltzak erabiltzen jarrai dezan, egun hauetan deitutako mobilizazioetan parte har dezan eta, bereziki, urtarrilaren 13an Bilbon kaleetan zehar 16:00etatik aurrera La Casillatik egongo den manifestazioan parte har dezan. Konponbiderako giltzak".